Abiada hartu du euriborrak eta bortizki igotzen ari da. Duela bederatzi hilabete bi urteko balio apalenean zen (%2,103), eta orain azken hiru urteotako handiena da. Martxoan %3,105era heldu da, eta urtea %3,5 eta %4 artean amaituko duela berretsi dute adituek.
Sakela gehiago arindu beharko dute hipoteka ordaintzeko duten herritarrek. 20 urterako 120.000 euroko zorra egin duenak hilabetero 45,6 euro gehiago ordaindu beharko ditu: 540 euro gehiago urtean. Zehazki, 3,8 euro igoko da hileroko kuota 20 urterako maileguan eskatutako 10.000 euroko .
Zantzu guztien arabera, Europako Banku Zentralak aurten beste bi aldiz igoko ditu interes tasak, eta iragarpen horiei jaramon eginda igotzen ari da euriborra. Eta nola ez, Estatu Batuetako Erreserba Federalaren igoerek ere eragiten diote (%4,75era igo ditu asteon). Gorantz jarraituko duen seinale, atzoko euriborra %3,233raino iritsi zen.
Herritarren zorpetzea oso handia delako, Espainiako Gobernua arduratuta dago, eta interes tasa aldakorrak eta finkoak dituzten hipotekak sustatuko ditu. Azken horien komisioak jaitsi ditu eta araudiaren hainbat traba bertan behera utzi ditu. Edonola ere, Ausbanc elkarteak neurri horiek gaitzetsi ditu «eraginkortasunik ez dutelako».
Euriborra %3,105ean da, 2002ko urriaz geroztik maila handienean
Interes tasa finkoa eta aldakorra duten maileguak sustatuko ditu Madrilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu