Euriborrak mehatxu bihurtzeko bidea hartu du. Aurreko hilabeteetako goranzko joerari eutsi zion otsailean. Oraingoan, berritasuna da goranzko joera hori azkartu egin dela, eta %1,55etik %1,714ra egin zuela jauzi hipoteka mailegu aldakorretan erreferentzia gisa hartzen den adierazleak. 2008ko ekainera atzera egin beharra dago hilabete batean hain igoera handia ikusteko. Krisiaren hilabeteotako albiste on bakarrenetarikoa izan da, hain justu, Euriborra maila apalean egon dela. Haatik,2009ko martxora atzera egin behar da Euriborra egun baino gorago (%1,90) ikusteko.
Argi dagoena da petrolioaren eta inflazioaren igoerak eragin zuzena dutela Euriborrean. Izan ere, bankuek elkarren artean urtebetera trukatzen duten diru mugimenduetatik kalkulatzen da Euriborra, eta hortaz neurgailu horrek epe motz-ertainera interes tasak igoko diren bankuen ustea islatzen du. Goranzko joera ez da oraingoz gelditu eta adituek aurreikusten dute %2 edo %2,25era heldu daitekeela.
Hipoteka berritzeko otsaileko Euriborra erreferentziatzat hartuko duten hipotekadunei, hortaz, garestitu egingo zaie hileko kuota —ikus goiko taula—. Demagun, 160.000 euroko hipoteka mailegua 30 urtera duen zordunari batez beste 39 euro (edo %6,8) garestituko zaio kuota. Hamar urteko amortizazio epea duen hipotekadunari %2,4 garestituko zaio eta 50 urtera duenari %11.
Igoera albiste txarra bada ere, gogoan hartu behar da azken bi urtetan Euriborra oso maila apalean egon dela, eta datu historikoekin alderatuz gero, horrela dagoela oraindik ere. Beste gauza bat da hurrengo hilabeteetan noraino hel daitekeen, eta hori estu lotua egongo da inflazioari. Euroguneko kontsumo prezioen indize harmonizatua urtarrilean %2,3koa zen, eta datu hori zenbat eta gorago igo, orduan eta behartuago egongo da Europako Banku Zentrala interes tasak igotzera. Espainian inflazioa %3,6ra igo da otsailean. Bi aste barru jakingo da Hego Euskal Herriko datua.
Euriborrak %1,71raino egin du gora, eta hipotekak %6 garestituko dira batez beste
Hipoteken erreferentzia gisa erabiltzen den adierazlea ez da 2009ko martxotik egun baino gorago izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu