Bigarren hilabetez jarraian, merkatu egingo dira hipotekak. Urtebeterako Euriborrak, etxebizitzetako maileguak kalkulatzeko gehien baliatzen den sistemak,azken bi urteotako jaitsierarik handiena izan du martxoan,0,425 puntu jaitsi baita, %1,499raino. Horren ondorioz, beren hipoteka orain berrikusi behar dutenek gutxi gorabehera %5 gutxiago pagatuko dute hurrengo urtean.
Jaitsiera are handiagoa izango da hurrengo hilabeteotan, baldin eta joera aldatzen ez bada. Eta ez dirudi hala izango denik, Europako Banku Zentralak bankuei utzitako diru merkeak tentsioa arindu duelako finantza sisteman, eta atzeraldiaren itzulerak ezinezkoa egiten duelako laster batean behintzat interes tasak %1etik igotzea. Euriborra bankuek elkarri uzten dioten diruaren batez besteko interesa da.
Euriborraren eguneroko kotizazioan islatzen da beheranzko joera: martxoa %1,599an hasi zuen eta %1,416an itxi du. Iazko apirilean batez beste %2,086 eman zuenez, martxoko marka txiki utziko du. Beste horrenbeste gerta daiteke gutxienez urrira bitarte, hilabete horietan guztietan %2tik gora aritu baitzen. Euriborraren jaitsierak egiten dien kalteari aurre egiteko diferentzialak handitu dituzte bankuek.
Euriborrak azken bi urteko jaitsiera handiena izan du
Hipoteka gehienak %5 merkatu dira martxoan, eta, joera aldatu ezean, are gehiago jaitsiko dira hurrengo hilabeteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu