Ekonomia

Euriborrak berriz ere marka hautsi du eta hipotekak garestitu egingo dira

%5,361ean bukatu du ekaina. Duela urtebeteko indizea aintzat hartuz gero, 25 urterako 150.000 euroko mailegua duenak orain urtean 895 euro gehiago ordaindu beharko ditu.

2008ko ekainaren 30a
14:00
Entzun
Hileko datuak hartuta, euriborrak marka hautsi du ekainean, %5,361ean bukatuta. 1999an hasi zen martxan euriborra, eta seigarren aldia da %5 gainditu duena; aurreko bost aldietan 2000an pasatu zuen indize hori.

Urte honetan laugarrenez segidan egin du gora. Iaztik ere gora egin du, joan den urteko ekainean %4,505ean baitzegoen. Horren arabera, 25 urterako 150.000 euroko mailegua duenak orain urtean 895 euro gehiago ordaindu beharko ditu; 75 euro gehiago hilero.

Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko biztanleek, batez beste, 160.000 euroko hipotekak dituzte, eta mailegua urtean behin berritzea izaten da ohikoena.

Hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen da euribor indizea. Bankuek elkarri dirua uzteko erabiltzen duten interesa islatzen du, eta euroguneko aurreikuspenaren arabera ezartzen da. Hau da, merkatuek interes tasak igo egingo direla uste dutenean, euriborrak ere gora egiten du. Europako Banku Zentralak (EBZ) ezarritako interes tasen eta euribor indizearen artean puntu bateko aldea egotea ez dela "normala" diote, ordea, adituek. Haien arabera, %4,2 eta %4,25 artean egon beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.