Ekonomia

Euriborrak inoizko maila altuenetik bi hamarrenera amaitu du maiatza

30 urteko epean 160.000 euroko hipoteka dutenek 61 euro gehiago ordaindu beharko dituzte hilean

2008ko maiatzaren 31
10:28
Entzun
Miren Garate

Ez du %5eko maila gainditu, baina ez da urruti ibili. %4,994an amaitu du maiatza hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den Euribor indizeak. 2000ko abuztuan erdietsitako errekorretik (%5,248) bi hamarren pasatxora, hain zuzen.

INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko biztanleek, batez beste, 160.000 euroko hipotekak dituzte, eta mailegua urtean behin berritzea izaten da ohikoena. Kontuan hartuta 2007ko maiatzean Euriborra %4,373an zegoela, hil honetan berritzea tokatzen zaienek gehiago ordaindu beharko dute aurrerantzean.

Amortizazio epearen araberakoa izaten da garestitzea. Beraz, urte askotarako maileguak dituztenek nabarituko dute aldaketarik handiena: 20 urterako hipoteka dutenek hilero 55 euro gehiago ordaindu beharko dituzte aurrerantzean; 30 urterakoa dutenek, 61euro gehiago; eta 50 urterakoa dutenek, 71 euro gehiago.

Itxura guztien arabera, gainera, aurrerantzean ere igotzen jarraituko du indizeak. Hil honetan bertan, kasu, bost egunean ez beste guztietan gainditu du aurreko eguneko maila. Eta hileko azken zazpi egunetan %5etik gora ibili da.

Bankuek elkarri dirua uzteko erabiltzen duten interesa islatzen du Euriborrak, eta euroguneko aurreikuspenaren arabera ezartzen da. Hau da, merkatuek interes tasak igo egingo direla uste dutenean, Euriborrak ere gora egiten du. EBZk ezarritako interes tasen eta Euribor indizearen artean puntu bateko aldea egotea ez dela «normala» diote, ordea, adituek. Haien arabera, Euriborrak %4,2 eta %4,25 artean egon beharko luke. EBZk interes tasak jaistean hasiko dela indizea egonkortzen diote, haien aurreikuspenean arabera, urte amaiera aldera. Izan ere, finantza erakunderen iritziz inflazioa kontrolatzeak du lehentasuna orain. Halaxe jakinarazi zuen Jean Claude Trichet erakundeko presidenteak atzo Alemaniako egunkari bati emandako elkarrizketan.

Hain zuzen, atzo jakinarazi zituen Eurostat estatistika etxeak maiatzari dagozkion Euroguneko inflazio datuak. Martxoan %2,6ra heldu zen tasa, inoizko mailarik altuenera. Bada, apirilean zertxobait behera egin ostean, hil honetan berdindu egin du marka hura. Europako Batasunak duen %2ko helburua urrun dago beraz indizea. Petrolioaren eta elikagaien garestitzeek eragin zuzena izan dute inflazioaren igoerarekin.

Langabezia egonkor

Eta inflazioarenak ez ezik, Euroguneko langabeziari buruzko datuak ere jakinarazi zituen atzo Eurostatek. Egonkor mantendu da maiatzean, %6,7. Aurreko bi hilabeteetan bezala, Eslovakiak izan du tasarik handiena. Biztanle aktiboen %10 daude han lanik gabe. Haren atzetik Espainiak du langabezia tasa handiena, %9,6 hain zuzen ere. Haatik, txikiena Danimarkak du: %2,7.

Urtearteko datuei dagokienez, Eurostatek egindako ikerketaren arabera, joan den urtean baino 400.000 langabe gutxiago egon dira aurten. 27 herrialdeetatik hirutan soilik zenbatu ditu gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.