Euriborra: hipoteka duten pertsona ia guztien amesgaiztoa. Lehen ia erabat ezezaguna zen erreferentzia hori, baina eguneroko buruhauste bihurtu da, are gehiago finantza krisiaren kolpea zabaldu zenetik. Haatik, baliteke Euriborraren erabilera masiboaren garaia azken txanpan egotea, hura ordezkatzeko bideak bultzatzea erabaki baitu Espainiako Bankuak.
XXI. mendea hastearekin batera hartu zuen indarra Euriborrak. Ordura arte maileguetako interesa Mibor indizearekin lotu ohi zen. Madrilgo banku arteko merkatuan zeuden erakundeek ezarritako interes tasarekin kalkulatzen zen Mibor. Euriborra, berriz, Europako Batasuneko 50 kreditu erakunde handienek erabilitako interes tasen arteko batez bestekoa da. Egunero kalkulatzen da, eta, besteak beste, BBVA bankuak parte hartzen du kalkuluan.
Interesa ezartzeko tenorean, hamabi hilabeterako Euriborra erabiltzen dute hamar hipotekatik zortzik. Horri, noski, bezero bakoitzak bere bankuarekin edo kutxarekin negoziatzen duen diferentziala gehitu behar zaio ordaindu beharreko interes tasa orokorra ateratzeko.
Euriborraren fidagarritasun eta egonkortasun faltak kezka handia sortu du azken garaietan. 2008ko udan, esaterako, bankuek elkarri dirua uzteko zuten mesfidantzak indizea %5,4ra eraman zuen. Hipoteka asko zeharo garestitu zituen igoerak. Ondoren, krisia zabaldu eta EBZk diruaren prezioa jaitsi zuenean, Euriborrak atzera egin zuen, eta urtebete geroago %1,2 inguruan mugitzen hasi zen.
Ezegonkortasuna aitzakia
Espainiako Bankuaren ustez, Euriborra ezartzeko erabiltzen den epea — hamabi hilabete — txikiegia da, eta gorabehera handiak izan ditzake, iragan hurbilak agerian utzi duen modura. Hori dela eta, banku arteko merkatuaren interes tasenganako dependentzia mugatu behar dela ondorioztatu du.
Euriborraren ordez, epe luzeago bat kontuan hartzen duen erreferentzia bat baimentzea erabaki du. Hain zuzen ere, bost urterako IRS Interest Rate Swap (bost urterako interes trukea) zabaltzea nahi du. Denbora tarte horretan diruaren prezioak izango duen kostua islatuko luke indize horrek.
Espainiako Bankuaren ustez, tresna berria «adierazgarria» da, «fidagarritasun estatistikoa» du, eta luzera begirako zorraren balioa ezartzeko erreferentzia nagusien artean dago. Beste arrazoi bat era aipatu du bankuei eta aurrezki kutxei igorri dien zirkularrean. Kutxa ia guztiek finantza negozioa banku batera eramatea erabaki dutenez, erakunde motaren arabera kalkulatutako interes tasa ofizialak desagertuko dira. Aurrezki kutxen, bankuen, edo CECAren IRPH indizeari lotuta dauden kredituak beste erreferentzia batera aldatu beharko direla ere jakinarazi du. Hasiera batean, 2012ko irailera arte IRPH argitaratzeari eutsiko dio.
Hipoteka Euriborrari lotuta dutenek hala jarraitu ahalko dute aurrera begira ere. Indize berriak, hasiera batean, interes tasa handiagoa izango du, baina bankuen eta aurrezki kutxen eskuetan egongo da erakargarri bihurtzea, diferentzialarekin jokatuz.
Krisiaren gogortzea. Aldaketak finantza sisteman
Euriborraren azkena?
Hipotekaren interesa kalkulatzeko erabiltzen den indize hedatuena ordezkatu nahi du Espainiako Bankuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu