Zorioneko erabakia hartu du Espainiako Bankuak hipoteka datozen asteetan berritu behar dutenentzat. Hilabetearen hasieran emango dute aurrerantzean Euriborraren datua. Ondorioz, bankuek lehenago islatu beharko dute Euriborraren jaitsiera bezeroen kuotetan. Orain arte, hilabetearen erdialdera ematen zuten indizearen berri eta amaieran Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu arte itxaron behar zuten bankuek hipotekak berritzeko.
Euriborrak, bestetik, %3,049an itxi zuen 2008a eta urte berriaren hasieran behera egin du berriz.%3,025ean kokatu da, %3ko mailatik oso gertu. Indizearen mailarik baxuena da 2006ko martxoaren 2tik gaurdaino.
Urriaren 9an ekin zion Euriborrak beheranzko joerari, Europako Banku Zentralak diruaren prezioa nabarmen jaitsi ondoren. Hurrengo asteetan Euriborrak beherantz jarraitzea aurreikusi dute adituek, EBZk ezarritako %2,5eko interes tasari hurbilduz.
Mibor eta zor publikoa ere
Euriborraren datua ez ezik, Mibor indizearena eta Espainiako zor publikoaren barne etekinarena ere aurreratuko dituela jakinarazi du Espainiako Bankuak. Miborra 2000. urtera arte hipoteka sinatu zutenek oraindik erabiltzen duten indizea da, Euriborrak ordezkatu zuena.
Ia maila berean itxi zuten abendua adierazle biek, %3,452an amaitu zuen Euriborrak eta %3,455ean Miborrak. Zor publikoaren etekina, berriz, %3,96koa izan zen.
Euriborraren datua hil hasieran ematen hasiko da Espainiako Bankua
Urte berria %3tik gertu hasi du Euriborrak eta mailarik baxuenera heldu da 2006ko martxotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu