Euroak joan den astean galdu zuen 11,20 dolarreko maila, aspaldiko partez. Behin muga psikologikoa gaindituta, jaisten jarraitu zuen atzo. Europako Banku Zentralak 1,1894 dolarretan finkatu zuen euroaren balio ofiziala. Antzeko maila txikirik ez zuen 2004ko maiatzaren 16az geroztik.
Euroak goranzko joerari eutsi zion iaz, eta abenduaren 28an jo zuen goia. Egun hartan EBZk 1,3633 dolarretan finkatu zuen truke tasa ofiziala, eta 1,40 dolarrera noiz iritsiko zain zeuden analista guztiak. Baina orduz gero kontrako joera izan du. Urtea hasi denetik balioaren %12,68 galdu du dolarrarekin alderatuta.
Balio galtze horrek izan du eragin txarrik, erregaien prezioetan batez ere. Petrolioa dolarretan pagatzen denez, upelaren garestitzea bi aldiz nozitu dute euroaren eremuko herrialdeek. Haatik, ondorio onak izan ditzake, industriarentzat batez ere. Europan asko dira industria esportatzailearen menpeko herrialdeak, Alemania eta Frantzia batik bat.
Interes tasen menpe
Hurrengo asteotan euroak indar gehiago galduko duela espero dute adituek, eta arrazoi bat aipatzen dute gehien: AEBetan interes tasak gorantz doazen heinean, Europako Banku Zentralak hilero atzeratzen du tasak igotzeko erabakia, ekonomia nagusiak pattalalditik atera ezinean dabiltzalako.
Horrela, AEBetako Erreserba Federalak %3,25era igo zituen joan den astean interes tasak. Urtebete eskasean bederatzigarren aldia zen igotzen zituena, ekonomia ongi doan seinale. Aurtengo bigarren erdian %3,75era eta %4ra igoko dituela espero dute. Hortik gorako igoerarik ez dute ikusten.EBZk etzi du bilera Frankfurten. Interes tasak izango dituzte hizpide, eta sekulako ustekaberik ezean, bere hartan utziko dituzte, %2an. Urtearen bigarren erdialderako zegoen iragarrita igoera, baina orain halakorik ez da espero datorren urtera arte. Aitzitik, EBZk presio gogorrak jasan ditu diruaren prezioa are gehiago merkatu dezan. Hala egiteko eskatu dio Alemaniako Gobernuak, baina EBZk ez die presioei men egin.Halaber, lagundu diote dolarrari AEBetako ekonomiaren azken datuek: industria manufakturatzaileak gainditu egin du beheraldia, eta ekonomia %3,8ko erritmoan ari da hazten. Ostiral honetan lanpostuen sorreraren datua jakingo dute AEBetan, eta emaitza ona espero dute.Euroarekiko ez ezik, Erresuma Batuko liberarekiko ere balioa irabazten ari da dolarra. Azken 14 hilabeteotako mailarik apalenera jaitsi da libera, eta Ingalaterrako Bankuak etziko bileran tasak jaistea erabakitzen badu, are gehiago apalduko da. Erresuma Batuko ekonomia erritmo onean hazi da azken urteotan, eta banku zentrala dirua garestitu du herritarren kontsumoa eta etxebizitzen merkatua moteltzeko. Behin helburuak lortuta, posible da interes tasak jaisten hastea. Japoniako yen-arekiko azken hamar hilabeteotako maila altuenera iritsi da dolarra; Suitzako frankoarekiko, berriz, hamar hilabeteotakora. Interes tasak %1etik behera daude Suitzan eta Japonian.
-
EBZ
Trichetekerrieta egin die gobernuei
Autokritikarako joera handirik ez du erakutsi, orain arte, Europako Banku Zentralak. Eta Jean Claude Trichet EBZko presidenteak atzo Europako Legebiltzarrean esandakoa ikusita, jarrera horri eutsiko dio. EBZren eginbehar nagusia inflazioa kontrolpean gordetzea den arren, herrialdeen artean prezioek duten alde handiak hari egozterik ez dagoela aipatu zuen. «Errua politika nazionalei leporatu behar zaie, sarritan ez baitira egokiak». Konponbiderako errezeta, «erreforma ekonomikoak» egitea.