Zazpi urte iragan badira ere, maiz pezetatan eta liberatan pentsatzen jarraitzen du jende askok, eta hori egiterakoan prezioek zorabioa ematen dute: garagardo batek 333 pezeta balio du Hegoaldeko hiriburuetan, eta ia 18 libera Baionan; ogiaren truke ohikoa da Hegoaldean 166 pezeta pagatzea, edo sei libera Iparraldean; zinema sarrera 1.000 pezeta edo 55 libera kostatzen da. Hiru adibideok erlatiboak dira, 2002tik hona inflazioak gora egin duelako eta nekez trukatuko litzatekeelako euro bat 6,6 liberaren truke eta batez ere 166,6 pezetaren truke. Alderatzerakoan, batez ere pezeta ateratzen da galtzaile.
Gauza bat argi dago: gaur pezeta esku artean edukiz gero, debaluatua egongo litzateke makina bat aldiz. Zergatik? Espainiak uneotan kontu korronte defizita duelako, eta zulo horrek bere ekonomiaren tamainaren %8,2 hartzen duelako. Adierazle ekonomiko horretan sartua dago kanpo merkataritza, eta atzerrira doan eta handik datorren diru mugimenduen arteko balantzea neurtzen du. Defizit horrek esan nahi du Espainiak bere hazkunde ekonomikoaren %8 pasa atzerritik finantzatzen duela, eta, funtsean, bere aukeren gainetik zorpetzen ari den ekonomia bat islatzen du.
Eurorik gabe, debaluatuta
Desoreka hori oso handia da, eta, pezetarik oraindik balego, debaluatzera behartua zegokeen aspaldi Espainiako Bankua. Zenbat zaila da esatea, baita ariketa hutsala ere, uneotan, onerako eta txarrerako, euroa dagoelako. Euroak, baina, ez du zulo hori desagerrarazi. Ezkutatu egin du. Azpimarratu behar da, gainera, defizita ez dela oraingoa. Ez du krisiak sortu. Euroa jaio denez geroztik, hamar urteotan handitzen joan da etengabe.
Frantziak ere 5.000 milioi euroko kontu korronte defizita du; baina, haren ekonomiak tamaina handiagoa duenez, eta Espainiaren defizita 90.000 milioi eurokoa dela kontuan izanda, defizita arina da. Balantza orekatua du Frantziak, eta, ziurrenik, egun euroa 6,5 libera balio izatetik oso gertu legoke.
Eguneroko bizimoduaren garestitzea euroari leporatzeko orduan adi, beraz. Liberarekin ez lirateke gauzak ziurrenik ia aldatuko, baina bai pezetarekin: inportazio produktuak garestiagoak lirateke, inflazioa are handiagoa litzateke, eta interes tasak askoz gorago leudeke, ziurrenik. Zer esanik ez, pezeta debaluatu batekin azken bost urteotako petrolioaren garestitzea ordaintzea are garestiago aterako litzateke.
Euroaren babeslekuari esker izan du Euskal Herriak historiako hazkunde ziklorik oparoena. Ezin da ahaztu krisiak krisi hamar urteotan interes tasak %2 eta %4,25 arteko tarte batean mugitu direla, merkatu bateratuan sartu aurretik erabat ezinezkoa. Baldintza horiek ezin hobeak izan dira inbertsiorako zein kontsumorako. Alde on horrek bere ifrentzua du, ordea.
Baldintza ezin hobe horiek ekonomiaren hazkundea bultzatu dute, baina, era berean, gehiegikeriak sustatu dituzte. Interes tasak apal egon diren urteotan hipoteka bidezko zorpetzea hirukoiztu egin da: 1999an, Hego Euskal Herrian 1.895 milioi euro behar izan ziren 26.515 hipoteka finantzatzeko; iazko urritik aurtengo irailera arte, berriz, 6.760 milioi euro behar izan dira ia 43.000 etxeren erosketa finantzatzeko. Epe horretan etxebizitza %110 garestitu da Hegoaldean.
Sutara erregaia bota
Zaila da esatea interes tasak apal izatea erabat onuragarria izan ote den. Batetik, ekonomiaren hazkundea eta enpleguaren sorrera ahalbidetu dituelako, eta, bestetik, etxebizitzaren burbuila eta sendien zorpetzea bultzatu dituelako. Eurorik gabe, Euskal Herriko ekonomia ez litzateke hainbeste haziko, baina ia ziurrenik ez litzateke hainbeste zorpetuko ere. Aberastasun gutxiago sortuko luke, baina egoera orekatuagoa litzateke. Euroak, neurri handi batean, erregaia bota du sutara. Sukar hori inflazioan ere islatu da, zerbaitegatik izan baitute azken urteetan Hegoaldeak eta Espainiak Europako Batasuneko batez bestekoa baino inflazio handiagoa.
Errua ez da euroarena, ordea. Alferrikakoa da eurorik gabeko jokaleku bat aurreikustea. Baina hamar urteotan interes tasa apalak hazteko baliatu badira, zergatik ez zaio neurririk jarri etxebizitzen merkatuari eta horrek berekin ekarri duen gehiegizko zorpetzeari? Oparoaldian hazkundeagoretsi da, baina zorpetzearen aurrean beste aldera begiratu da, errealitate beraren bi aldeak izan arren. Orain, ordea, berandu da. Krisia iritsi da.
Hamar urte iraganeta gero, benetako ordua etorri zaio euroari. Haren babesean, pezetarekin edo liberarekin baino hobeto aurre egingo zaio krisiari, baina horrek ez du esan nahi hamar urteotan sortu diren desorekak lasai egoteko modukoak direnik. Ekonomia aberatsagoa da egun, baina haren oinarriak, agian, ahulagoak.
Txanponen eta billeteen erradiografia
500 euroko billetea. Egon badaude, nahiz eta inor gutxik ikusi dituen. Kopuruan, Europako Banku Zentralak banatutako billete guztien %4,3 dira, baina balioan %35,9. Espainia da billete gehien duen herrialdea. Eurogunean urrian zeuden 521 milioi billeteetatik, 113 milioi Espainian zeuden.2007ko datuen arabera, berriz, Frantzian 8,1 milioi besterik ez zeuden.200 euroko billeteak. Gutxien banatutako billeteak. Urrian 170 milioi zeuden Eurogunean. Espainian 21 milioi, eta Frantzian (2007an) 3,6 milioi.
100 euroko billeteak. Billete guztien artean %10,8 dira. Orotara 1,3 bilioi zeuden urrian.
50 euroko billeteak. Billete ugariena: %37,4. Urrian 4,6 bilioi zeuden. Horietatik 509 milioi, Espainian. Frantzian, berriz, 2007ko datuen arabera, 1,6 bilioi.
Hogei eurokoak. Azaroan 2,4 bilioi billete zeuden (%19,6).
Hamar eurokoak. Azaroan 1,9 bilioi billete zeuden (%15,2).
Bost eurokoak. Azaroan 1,4 bilioi billete zeuden (%11,3).
Txanponak. Orotara, 81,2 bilioi txanpon zituen banatuak EBZk azaroan. Ugarienak balio txikiena duen zentimo bateko txanponak dira (19 bilioi). 50 zentimoko 4,7 bilioi txanpon daude; euro bateko 5,9 bilioi txanpon eta bi euroko 3,9 bilioi.
Eslovakia, Eurogunean
Urtarrilaren 1etik aitzina, 14 herrialde egongo dira Eurogunean. Iaz, Esloveniak eman zuen pauso hori, eta bihar Eslovakiak bide beretik jarraituko du. Hala, 2002ko urtarrilaren 1ean Euskal Herrian izan zuen diru aldaketa izango dute bihar eslovakiarrek. 1993an hitzartu zuten Eslovakiak eta Txekiar Errepublikak banatzea, eta biak EBn egon arren, Txekiaren aurretik sartu da Eslovakia euroaren eremuan. Lau urteotan, Maastrichten 1995ean hitzartu ziren irizpide zorrotzak bete ditu Eurogunean sartzeko. Besteak beste, defizit publikoa BPGren %8,2koa izatetik %2,2koa izatera pasa da, eta zor publikoa BPGren %29,4ra murriztu du. Sektore handiena autogintza da: VWk, Hyundaik eta Peugeot-Citroenek fabrikak dituzte.%26,5
Atzerriko diru erreserbak. Munduko banku zentralek atzerriko diru erreserben %26,5 eurotan zituzten iaz. Oraindik ere dolarra da nagusi: erreserben %63,9 dolarretan dira. Baina hamar urteotan euroak gorantz egin du: 1999an %17,9 ziren eurotan eta %71 dolarretan.Francisco Rodriguez Ortiz Deustuko Unibertsitateko irakaslea
1999tik «gezurrezko zikloa» bultzatu du euroak, eta, desoreken ondorioz, «baldintza txarretan» aurre egingo zaio orain krisiari.
«Dolarraren nagusigoa ezin da eztabaidatu»
Joxerra Senar«Nahiko euroeszeptikoa» da Francisco Rodriguez Deustuko Unibertsitateko Europako Ikaskuntzen Institutuko Ekonomia arduraduna, baina ez du uste euroak krisi garaian kalterik ekarriko duenik. Alderantziz, «babesleku» gisa balioko du. Eguneroko bizimodutik, makroekonomiaren misterioetaraino euroaren bi aldeak azaldu ditu.
Zer ekarpen egiten dio euroak euskal ekonomiari?
Lehen egiaztapena da ezin dela dirua debaluatu, eta ekonomiak izan ditzakeen lehiakortasun arazoak eremu hainbatetan islatu daitezkeela. Baina beste abantaila batzuk sortu ditu. Gertatzen dena da euskal ekonomiak egoera zail honetan ekaitzari modu hobean aurre egin diezaiokeelaeraikuntzarekiko menpekotasun txikiagoa duelako.
Kritiketako bat da ekonomiaren desoreka batzuk ezkutatu egin dituela: dirua ez da debaluatu, ez da egoera orekatu, eta orain oinarriak, beharbada, ez dira behar bezain sendoak.
Euroak desoreka batzuetan sakondu egin du, interes tasak inoiz baino maila txikiagoetan egon direlako. Zalantzarik gabe, gezurrezko ziklo ekonomiko bat eragin du, eta orain ondorioak ordaintzen ari gara. Euroak bi interpretazio ditu: oparoaldi ekonomia lagundu du, interes tasen murrizketa eragin duelako, eta horrek enplegu sorrera handia eragin du, adreiluan eta zerbitzuetan bereziki; baina, bestaldetik, merkataritza desorekak konpontzen ez da garrantzia jarri. Lehiakortasun arazoak ezkutatu egin dira.
Zer gertatuko litzateke eurorik ez balego?
Interes tasa handiagoak leudeke, besteak beste dirua debaluatu egin beharko litzatekeelako. Ziurrenik ez genuke izango hazkunde ziklo luze hau, eta enplegu gutxiago sortuko litzateke. Ziurrenik kontsumoa txikiagoa izango zen. Gezurrezko ziklo bat bultzatu du hamar urteotan, baina, sortutako desoreken ondorioz, orain oso baldintza txarretan aurre egin beharko zaio egoerari.
Herritarren artean iritzi zabaldua da euroa esku artean dugunetik, 2002tik, eguneroko hainbat produktu nabarmen garestitu direla.
Lehen urtean prezioak biribildu egin zituzten, baina inflazioaren eragina ez da pezetarekin genukeena bezain handia izan. Petrolioa pezeta debaluatu batean ordaindu izan bagenu, zalantzarik gabe, inflazioaren eragina handiagoa izango zen. Hemen izan ditugun prezio gehiegikeriak euroari lotuak baino gehiago, erokeria kolektibo bati lotuagoak egon dira. Batez ere, etxebizitzen merkatuan, eta horrek kontsumo pribatuaren hazkunde neurrigabekoa eragin du eta prezioetan islatu da.
Zer ondorio txar izan ditu?
Diru politika bateratua da eta denek parte hartzen dugu bertan, baina errealitatea da Alemaniak Euroguneko ekonomiaren %30 ordezkatzen duela, eta beti diru politika sentikorragoa izango da Alemaniako ziklo ekonomikoaren aurrean. Interes tasak apal egon dira 2005era arte, eta diru politika horrek sutara egur gehiago bota du. Euroak lagundu egin du hemen euroaren eremuan bainoinflazioa handiagoa edukitzen.
Egungo Europaren isla al da euroa?
Euroa arazo bat da, murrizketa makroekonomiko gehiago dauden neurrian. Euroa baduzu, jada ezin duzu diru politika nahierara erabili. Aurrekontu politikak disziplina behar du, eta truke tasa jada ezin duzu ukitu. Desorekak daudenean, Espainian bezala, neurriak oro lan merkatuan hartu ohi dira, eta horrek lan baldintzak eta soldatak okertzen ditu. Arazoa da ez dagoela Europaren kontzepzio orokorrik. Ez dago, eta etorkizun hurbilean ez da egongo. Politika da estatu bakoitza moldatu dadila ahal duen moduan. Krisian, Europako Batzordea herrialde bakoitzaren salbamendu planaren kalkulua egin du, Europaren ekimen bezala bildu ditu, eta gero dio plan bat duela. Baina ez dute planik, funtsik ez dutelako. Funtsak estatuenak dira.
Gaur egungo erronka itzela da Europarentzat.
Diru gehiago jartzeko aukeraren aurrean, Alemaniak zuhurtzia handia du. Alemaniarrak ez du zerga gehiago ordainduko ekonomia portugaldarra, espainiarra edo greziarra salbatzeko. Kontzepzio politikoa falta da. Europa merkatu gisa baino ez da ikusten.
Euroa dolarrari aurre egiteko moduan dago?
Ez. Dolarraren nagusigoa eztabaidaezina da, eta horrela jarraituko du luzaroan.
Zergatik?
Ez dagoelako alternatibarik. AEBek jarraitzen dute izaten, nabarmen, munduko lehen potentzia ekonomiko eta teknologikoa. Dolarra babeslekua da. Munduko banku zentral nagusiek diru erreserben %70 dolarretan dituzte. Hortaz, ez da dolarraren alternatiba. Euroa orain sendo dago dolarra ahul dagoelako, baina AEBei ez zaie komeni dolar sendo bat.
Eta euro sendoa komeni al zaio Europari uneotan?
Ez. Orain euro sendo batek deflazioaren arriskua handitzen du, inportazio bidezko produktuak merkeago saltzen direlako eta gure hazkunde erritmoa eta enplegua sortzeko ahalmena moteltzen duelako. Kanpo merkataritzari ere kalte egiten dio. Munduko lehen esportatzaileari, Alemaniari, kalte egiten dio, eta Alemaniako lokomotorra gelditzen denean, atzeko bagoiek ez dute aurrera egiten.
Deflazioaren arriskua erreala da?
Aurretik iragarri nuen sakoneko joera deflazionista zela. Globalizazioaren ondorioz herrialde askotako inportazioak desinflazionistak dira; deslokalizazioaren mehatxuak soldatak neurrian igotzea ekarri du; eta azken 20 urteotan, Europako lan merkatuek moldaketa handiak jasan dituzte. 1995etik 2007ra errentaren banaketa osoan soldatapekoek pisua galdu dute. Joera hori ezkutatu egin du petrolioak eta higiezinen merkatuak, baina egoera hori irauli deneanagertu da deflazioaren mehatxua.
Orain gerrikoa estutu eta lan merkatuaren erreforma gehiago eskatzen dira. Akatsa dela deritzozu, beraz?
Akatsa bat litzateke, eta uste dut estatubatuarrek ikasi dutela. Atzeraldi batean zaudenean, eta Espainian kontsumo pribatua %60 inguru denean eta soldatapekoak langileen %80 direnean eta deflazioaren aukera handia denean, soldatak neurrian igotzea ez da ziurrenik formularik onena.
Bere 10. urteurrenean, beraz, benetako ordua iritsi zaio euroari.
Bai. Gainditzen badu, sendotuta aterako da. Eta EBko estatuek krisi honi erantzun bateratu bat emateko gai ez badira, euroa bera zalantzan jar daiteke.