Eurobonuen alde egin du OCDEk, EBn hazkundea sustatzeko neurrien artean

Frantziak zor jaulkipen bateratuen alde egingo du berriro gaurko goi bileran; Alemaniak aurka jarraitzen du

Ivan Santamaria.
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Eurobonuen aldeko frontea indarberritu da, gaur euroguneko buruzagiek hazkundeari buruz egingo duten goi bilera informalaren atarian. François Hollande Frantziako presidente berriak iragarri du berriro ere proposamenaren alde egingo duela. Atzo, halako neurri bati babesa azaldu zion OCDE Ekonomia Garapen eta Lankidetzarako Erakundeak.

Zor publikoaren krisia arintzeko jaulkipen bateratuak egitea ez da ideia berria. Haatik, Alemaniatik Angela Merkelek eta Frantziatik Nicolas Sarkozyk eratu zuten austeritatearen ardatzak bideak itxi zizkion proposamenari. Irtenbideen agenda ofizialetik zokoratuta, ez da sekula erabat desagertu defizit murrizketatik haratago bestelako erantzunak bilatu izan dituztenen animoetatik. Funtsean, zor jaulkipen horiek euroguneko herrialde guztiek bermatzea da proposamenaren giltza. Zor publikoa gehiegizko interesean saltzera behartuta dauden herrialdeen —Espainia eta Italia, batez ere— egoera hobetuko luke halako neurri batek hasiera batean.

Alemania oraindik ere erabat dago. Finantza gehiegikeriak egin dituzten herrialdeak saritzea iruditzen zaio, hots, haien fidagarritasuna handitzea defizit txikiagoak dituzten herrialdeen lepotik. Gaurko bileran horri buruz hitz egitea ere ez zaio egoki iruditzen. Gai horretan oraindik ere ez zaizkio aliatuak falta. Esaterako, Austriako Finantza ministro Maria Fekterri proposamen «aldrebesa» iruditzen zaio. Hollandek ere babesak izango dituela aurreratu du. «Ez naiz proposatuko duen bakarra», ziurtatu zuen G8koek joan den asteburuan egindako bileraren ondotik.

Gobernuetatik aparte, jarrera malguagoa dute beste erakunde batzuek. Europako Batzordearen ustez, ez da berehalako irtenbidea izango krisia gainditzeko, baina ontzat jo du eztabaidari heltzea. Azkena OCDEren babesa izan da. Hazkundea bultzatzeko beharra bere egin du OCDEk, eta neurrien artean eurobonuak aipatu ditu, «bankuen kapitalizazioa handitzen laguntzeko eta kreditu gehiago egotea ahalbidetzeko».

EBren krisia, okerrera

Ekonomiaren egoerari buruzko txostena argitaratu zuen atzo OCDEk. Euroguneko krisia «serioago» jarri dela nabarmendu du, eta ekonomia globalak duen arrisku iturri nagusiena dela ohartarazi du. Gurpil zoro batean erortzeko arriskua dagoela uste du, gainera: «Zor gehiago, banku sistema ahulak, defizit murrizketa gehiegizkoak eta hazkunde ahula».

AEBen hazkunde aurreikuspenak hobetu ditu OCDEk, eta eurogunekoak, murriztu. Kalkulu horien arabera, %0,1 egingo du atzera ekonomiak eurogunean aurten, eta hazkundea ez da %1era iritsiko datorren urtean. Datu horiek aintzat hartuta, langabeziak gora egingo luke, 2013. urtean %11 gainditzeraino.

Kontinente zaharrean ezberdintasunak badira herrialdeen artean. Etorkizun ilunena hegoaldeko laukoteak du. OCDEren ustez, 2013an atzeraldian jarraituko dute Italiak, Espainiak, Portugalek eta Greziak. Alemanian, aldiz, hazkunde tasa %2ra iristea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.