Eurogunea atzeraldian dago eta EBk ez du espero krisia aurten bukatzea

Europako Batasuneko herritarrek eta enpresek 1985az geroztik ez dute izan orain baino konfiantza gutxiagorik

Iker Aranburu.
2009ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Euroaren eremuko ekonomia ofizialki atzeraldian dago. Eurostatek atzo behin betikoz baieztatu zuenez, urteko hirugarren hiruhilekoan %0,2 egin zuen behera euroguneko BPGak, bigarren hiruhilekoan bezainbeste. Erdialdeko eta ekialdeko herrialde gehienak artean hazten ari diren arren, Europako Batasun osoko ekonomia ere %0,2 uzkurtu zen uztailetik irailera.

Letoniak (-%1,2) eta Estoniak(-%0,9) eman dituzte emaitza txarrenak, baina ez dabiltza urruti EBko estatu handienak, hala nola Erresuma Batua (-%0,6), Alemania eta Italia (-%0,5) eta Espainia (-%0,2). Frantziak, oraingoz, atzeraldiari ihes egin dio.

Datu ofizialak jakin arte denbora beharko den arren, urteko azken hiruhilekoa ziur aski okerragoa izango da; %1eko jaitsiera iragarri du Credit Suissek. Hasi berri den urteak ere ez du itxura onik. Lehen hiruhilekoan ekonomiak %0,4 atzera egingo duela uste dute Alemaniako, Frantziako eta Italiako ikerketa ekonomikoko institutuek, eta %0,2ko jaitsiera bigarren hiruhilekorako.2009ko hasierarako.

Urte osoa txarra izango dela aitortu du Europako Batzordeak. Joaquin Almunia Ekonomia komisarioak atzo onartu zuenez, ez dute krisia aurten «arintzerik» espero, eta dei egin zien EBko estatukideei neurri bateratuak har ditzaten «atzeraldi sakon eta luzea eragozteko».

Edonola ere, Almuniak ez zuen erabat ezkor izan nahi izan, eta nolabaiteko hobekuntza aurten etor daitekeela aurreratu zuen. «2008an hartutako neurrien ondorioak 2009. urte amaierarako ikusiko ditugu».

Herritarren konfiantza mailari erreparatuta, behintzat, gauzak ezin beltzago daude. Batzordeak atzo emandako datuak txarrenak dira 1985ean ikerketa egiten hasi zenetik. Sentipen Ekonomikoko Erakusleak beste zazpi puntu egin zuen behera euroaren eremuan -63,5 puntura arte- eta 7,8 puntu EB-25ean -67,1era arte-. Indize horrek kontsumitzaileen eta industriaren itxaropena neurtzen du, eta oso baliagarria da giro ekonomikoaren berri emateko, herritarrak eta enpresak ezkorrak badira gutxiago kontsumitzen eta inbertitzen dutelako, eta horren ondorioz, ekonomiak ezin du hazi.

AEBetan ere gauzak ez doaz hobeto. «Neurri zorrotzak hartzen ez badira, atzeraldiak hainbat urte iraun ditzake», ohartarazi zuen atzo Barack Obama presidente hautatuak. Obamak Kongresuaren botoak nahi ditu ekonomia suspertzeko prestatu duen planak aurrera egiteko.



Bere 300 urteko historiako interes tasa txikienak jarri ditu Ingalaterrako Bankuak

Ingalaterrako Bankuak beste puntu erdiz jaitsi zituen atzo interes tasa ofizialak, %2tik %1,5era. Diruaren prezio ofiziala ez da inoiz hain txikia izan duela 300 urte Ingalaterrako Bankua sortu zenetik. Edonola ere, enpresaburuen elkarteak ziurtatu du jaitsiera motz geratu dela, eta %1eko interesak behar zirela kreditu merkatuak biziberritzeko eta atzeraldiak okerrera ez egiteko. Cityk, ordea, ez du gaizki hartu, libera esterlinak are balio gehiago galtzea eragotziko duelakoan. Atzo euroarekiko azken asteotan izandako baliorik handienera igo zen. Zorpetutako herritarrentzat ere berri ona da, bankuek iragarri baitute beraien maileguak merkatuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.