Eurogunea atzeraldiaren atarian dago

Ekonomiaren hazkundea %0,2 uzkurtu da urteko bigarren hiruhilekoan Europan

Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Eurogunea krisi garaiko bigarren atzeraldiaren atarian dago. Urteko bigarren hiruhilekoan BPGa %0,2 uzkurtu da eurogunean eta Europako Batasunean, Eurostat Europako Batasuneko estatistika institutuaren arabera. Lehen hiruhilekoan hazkundea BPGaren %0koa izan zen bi ekonomia horietan. Ehuneko horrek hirugarren hiruhilekoan ere behera egingo balu, ofizialki atzeraldian sartuko lirateke, bi hiruhilekoz jarraian behera egiteagatik. Bigarren hiruhilekoan, jadanik Europako Batasuneko zortzi herrialde atzeraldian daude: tartean, Espainia, Italia eta Zipre.

Euroguneko bi herrialde nagusiek, oraingoz, izkin egin diote atzeraldiari. Aurreikuspenak hobetu ditu Alemaniako ekonomiaren hazkundeak: BPGaren %0,3 hazi da. Frantziakoak, berriz, bederatzi hilabete daramatza hazi ezinik: bigarren hiruhilekoan hazkundea BPGaren %0koa izan zen. Hala ere, euroguneko gainerako herrialde gehienetako ekonomiek moteltzen jarraitzen badute, nekez saihestuko dute atzeraldia.

Kutsatzeko arriskuaren kasu adierazgarria da Finlandiarena: urteko lehen hiruhilekoan BPGa %0,8 igo zen, eta bigarrenean %1 uzkurtu egin da.

Zenbakiek, beste behin, agerian utzi dute Europak ezarritako eta derrigortutako murrizketek ekonomiaren jarduera oztopatzen dutela. Erreskatea jaso eta murrizketa gehien aplikatu dituzten herrialdeetako ekonomiak nabarmen uzkurtu dira: Portugal (%1,2), Italia (%0,7), Espainia (%0,4) eta Grezia (%6,2 iazko datuarekiko).

Iazko garai berarekin alderatuta, euroguneko BPGak %0,4ko beherakada izan du, eta Europako Batasunekoak %0,2koa. Munduko ekonomia handienek, baina, gora egin dute: AEBetako BPGa %0,4 hazi da bigarren hiruhilekoan, eta Japoniakoa %0,3.

Industria ekoizpena, behera

Industria ekoizpenak ere behera egin du ekainean, maiatzarekin konparatuta. %0,6 jaitsi da eurogunean. Zertxobait gehiago egin du behera Europako Batasunean: zehazki, %0,9. Iazko ekainarekin alderatuta, ordea, eurogunean%2,1 jaitsi da, eta Europako Batasunean %2,2. Jaitsiera handiena izan duten herrialdeen artean dago Erresuma Batua: %2,5.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.