Oraingoz, hitzak baino ez dira. Bezperan, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak adierazi zuen «edozer» egingo duela euroa salbatzeko, eta keinu soil horrekin finantza merkatuetako ekaitza baretzea lortu zuen. Atzo, berriz, Europako Batasuneko agintari bikote boteretsuenak bat egin zuen Draghiren doinu bakarti eta boteretsuarekin: Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta François Hollande Frantziako presidenteak, alegia. Lehenik, telefonoz hitz egin zuten bi agintariek, eta, gero, adierazpen bateratu eta motz bat argitaratu zuten. Hor azpimarratzen dutenez, «dena egiteko prest dira» eurogunea babesteko.
Ostegunean Mario Draghirekin gertatu bezala,zor merkatuetan aste hasieran pilatutako tentsio guztia baretzeko balio izan dute adierazpenok. Hala, Espainiako hamar urteko bonuaren interes tasa %6,72rajaitsi zen, eta Alemaniako bund-arekin alderatuta, 534 puntura jaitsi zen arrisku saria. Italiako arrisku sariak, berriz, 455 puntura egin zuen behera. Oraindik ere oso finantzaketa kostu garestiak dira horiek, baina asteazkenera bitartean Espainiako zorraren interes tasak %7,5era heldu zirela kontuan hartuta, erreskate oso baten aukera urrundu egin da, oraingoz.
Adierazpen horiek guztiek iragartzen dute zerbait prestatzen ari direla. Le Monde egunkariak iragarri duenez, Europako Banku Zentralak eta EBko estatukideek «ekintza bateratu bat» egingo dute Espainiaren zorraren finantzaketa kostuen garestitzea mugatzeko. Italia ere plan horretan sar daiteke. Ekintza bateratu horren nondik norakoak oraindik ez dituzte ezagutarazi, baina bi fase espero dira.
Lehenengo fasean, asmoa da Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren bitartez edo irailetik aurrera abian jarriko den ESM Europako Egonkortasun Mekanismoaren bitartez enkanteetan Espainiak eta Italiak jaulkitako zorra erostea, normala baino interes tasa merkeagoetan. Era berean, EBZk bigarren mailako zor merkatuetan esku hartuko luke, eta aurreko urte eta hilabeteetan jaulkitako zorra erosiko luke, interes tasak merkatzeko asmoz.
Dena den, horretarako ezinbestekoa da Mariano Raxoik espresuki eskatzea laguntza hori. Merkelek eta Hollandek, beren adierazpen laburrean, eskatu dute ekainaren28ko akordioa «lehenbailehen» abian jartzeko. Hala, dei zuzena egin diote Espainiari, laguntza eskatzeko uzkur baita.
Le Monde egunkariaren arabera, bigarren fasean EBZren eta estatukideen ekimena «are ikusgarriagoa» izango litzateke. Erreskaterako funts horiei baimen berezi bat emango litzaieke, eta horren bitartez, egoera zailean diren estatuek sarbidea lukete likidezia modu mugagabean eskuratzeko. Aitzitik, irtenbide horrek talka egiten du orain arte Alemaniak eta iparraldeko beste herrialdeek jarri dituzten eragozpenekin; hau da, behin eta berriz esan dute EBZk ezin dituela zuzenean estatuak finantzatu. Zalantzetako bat da ikustea herrialdeok atzera egin duten euren ikuspuntuetan edo ez. Gainera, programa hori oraindik ez denez argitaratu, ikusteko dago zer baldintza ezartzen zaizkien laguntza horretara jotzen duten herrialdeei.
Alemaniako banku zentralak —Bundesbankek— beste behin ere gogorarazi du begi txarrez ikusten duela EBZk zor merkatuetan esku hartzea, eta EBZren estatutuen aurkakoa dela. Argi utzi nahi izan du bere ikuspuntua ez dela aldatu. Bundesbankek azaldu du arriskutsua dela merkatuek pentsatzea egoera zailean diren herrialdeek eskubidea izan dezaketela era mugagabean EBZtik dirua maileguan hartzeko. Bundesbanken arabera, irtenbide horrek «EBko arauak urratu» egingo lituzke.
«Ez da izango erreskaterik»
Draghik hitz egin arte, Espainiaren erreskatearen mamua inoiz baino gertuago egon da. Aste hasieran, Luis de Guindos Espainiako finantza ministroak eta Wolfgang Schaueble Alemaniakoakbilera izan zuten. Reuters albiste agentziaren arabera, bilera horretan Guindosek onartu egin zion Schauebleri zorra garestitzen jarraituz gero Espainiak beste 300.000 milioi euro beharko lituzkeela. Schaublek deserosotasun handiarekin hartu zuen proposamen hura.
Atzo horri buruz galdetu zitzaion Soraya Saez de Santamariari, eta irmo ukatu zuen informazio hori. «Aukera hori ez daaztertu, ezta eztabaidatu ere». Gobernuko eledunak gaineratu zuenez, erreskatearen aukera baztertuta dago: «Ez da izangoerreskaterik». Merkelen eta Hollanderen arteko telefonodeiaren inguruan ere galdetu diote, eta eledunak «normaltzat» jo du.
Eurogunea babesteko, «dena egiteko gertu» dira Alemania eta Frantzia
Draghiren mezuarekin bat egin dute, eta, ondorioz, Espainia eta Italiaren zorraren tasek behera egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu