Atzeraldia gerturatzen ari da euroaren eremura, baina artean ez da heldu. Alemaniaren eta Frantziaren ustekabeko emaitza txukunei esker, euroguneko ekonomia %0,2 hazi zen urteko bigarren hiruhilekotik hirugarrene- ra (aurrekoan bezala), eta maila horretan Europako Batasun osoan ere. Aditu askok, ordea, uste dute urteko azken hiru hilabeteotan are gehiago moteldu dela ekonomia, zorraren krisiak sortzen duen giro ezkorrak eta austeritate neurri gogorren ondorioz. Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak ez du baztertu urtea «atzeraldi bigun» batekin bukatzea.
Udako hilabeteetan %0,5 hazi zela jakinarazi zuen atzo Alemaniak, eta, gainera, aurreko hiruhileko datua zuzendu zuen: %0,1eko hazkundearen ordez, %0,3koa izan zuen. Ekonomistek uste dutenez, langabeziaren etengabeko jaitsiera kontsumoa suspertzen ari da, eta horrela konpentsatu du Alemaniak esportazioen moteltzea. Horrenbestez, Alemaniako ekonomia krisi aurreko garaira itzuli da.
Frantziak ere zuzenketa egin zuen, txarrerako baina: barne produktu gordinak aurretik iragarritako zero hazkundearen ordez, %0,1 egin zuen behera. Hori bai, Inseek zabaldu zuen azken hiruhilekoan %0,4 igo zela, uste baino gehiago.
Baina euroguneko bi motor nagusietatik kanpo, itxura okerragoa du ekonomiak. Espainiako eta Belgikako ekonomia geratu egin dira eta Portugalgoa %0,4 uzkurtu da. Herbehereek ere ustekabe txarra eman dute, %0,3 jaitsi baita hango BPGa, soldaten jaitsierak bultzatuta. Eurostatek ez du Italiako daturik eman, baina jada atzeraldian dagoela uste dute guztiek. Greziako hiruhileko arteko daturik ere ez dago, baina azken urtean %5,2 atzera egin duela dio Eurostatek.
Giro beltz horretan salbuespen ia bakarra Baltikoko herrialde txikiek ematen dute, azken hamabi hilabeteotan %5 eta %7 artean hazi baitira. Hazkunde sendoa dute Errumaniak (%4,5) eta Eslovakiak ere (%3,2).
Zorraren krisia
Euroguneak %0,2ko hazkundeari eutsi dio
Alemaniaren eta Frantziaren datu txukunek atzeraldia eragotzi dute, baina ez dute mamua uxatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu