ZORRAREN KRISIA

Eurogunearen neurriei buruzko erreferendumik ez dute egingo Grezian

Gobernuak 18:15ean jakinarazi du erabakia ofizialki. Papandreu lehen ministroak parlamentuko gehiengoaren babesa galdu, baina oraingoz ez du dimisiorik emango. Batasun nazionaleko gobernua osatzea aztertzen ari dira oposizioarekin.

2011ko azaroaren 3a
19:02
Entzun

Giorgos Papandreu Greziako Gobernuko lehen ministroak ez du eurogunearekin lehengo astean lortutako akordioari buruzko erreferendumik egingo. Oposizioa nagusitu egin da parlamentuan, eta aipatutako akordioari baiezkoa eman dio. Ondoren, lehen ministroak atzera egin du galdeketaren gaian —astelehenean proposatu zuen—.

"Pozik nago erreferendumik ez dugulako egingo azkenean, neure proposamena funtsean ez baitzen egitea", esan du Papandreuk arratsaldeko hirurak aldera. "Beti esan nuen [oposizioaren] babesa balego, ez nukeela galdeketa deituko".

Gobernuak erabakia 18:15 inguruan egin du ofizial, Evangelos Venizelos Finantza ministroaren bidez. Pasok alderdiko parlamentarioen aurrean eman du neurriaren berri; telebistak zuzenean eman du agerraldia.

Papandreuk ez du, dena dela, dimisiorik emango. Baina badirudi oposizioarekin batasun nazionaleko gobernua osatuko dutela, Antonis Samaras oposizioko burua horretarako prest agertu ostean. 

Mozioa, bertan behera

Gobernu berriaren lehen egitekoen artean Europako Batasunarekin adostasuna berrestea dagoela diote zenbait hedabidek. Eguerdian Papandreuren dimisioaren zurrumurrua zabaldu da, eta diputatuen arteko bilerak azkar egin dira. Biharko mozioa bertan behera utzi dute.

Papandreuk Parlamentuan gehiengoaren babesa galtzea Greziak aste honetan bizi duen giro nahasian azken gertaera da. Astelehenean hark azaldu zuen erreferendumean bozkatuko dutela greziarrek krisitik ateratzeko neurrien plana. Horrek Greziako Gobernua eta Parlamentua ere nahasi ditu.

Zatiketa Gobernuan

Lehendik ere Pasok bere alderdiaren zenbait diputaturen babesa galdua zuen Papandreuk Europak eskatu dizkion murrizketak aurrera eramanda. 300 legebiltzarkide daude Greziako Parlamentuan, eta 152ren babesa zuen soilik Papandreuk. Gaur goizean beste bik bihar kontra bozkatuko dutela iragarri ostean, gehiengoaren babesik gabe geratu da.

Gainera, Evangelos Venizelos Finantza ministroa erreferendumaren kontra agertu da gaur. Izan ere, murrizketaren aurkakoak zirenei erreferendumaren aurkakoak gehitu zaizkie. Egoera horretan larrialdiko bilera deitu du Papandreuk, eta batasun nazionaleko gobernua osatzeko eskaera areagotu da.

Pasok-eko 30 diputatu, erreferendumaren aurka

Ikusteko dago orain gobernu berriak nola bideratuko duen krisia Grezian. Izan ere, protesta handiei egin die aurre Papandreuk azken hilabeteetan, tartean, hainbat grebei. Venizelosez gain, Pasok alderdiko 30 diputatu eta oposizioa erreferenduma egitearen aurka agertu dira gaur.

Greziak eurogunearekin hitzartutako konpromisoak bete ezean, nazioarteko finantza laguntzak etengo dizkiote; irailean 8.000 milioi euro jasotzekoa zen, baina ez ditu jaso.

Euroguneko lehengo asteko akordioaren arabera, Greziari zorraren erdia barkatuko diote, beste 130.000 milioi euro emango dizkiote, baina murrizketa gehiagoren truke: pribatizazioak, enplegu publikoa murriztu, soldaten jaitsiera, gastua gutxitu.... Eta bankuak nazionalizatu beharko lituzke. 

Eurogunetik ez ezik, Europako Batasunetik irten beharko luke

Azken orduetan geroz eta indar gehiago hartzen ari da Greziak euroa utziko duela iradokitzen duten albisteek. Lisboako Itunak dioenez, Greziak eurogunea utziko balu, Europako Batasuna ere laga egin beharko luke, gaur Europako Batzordeak argitu nahi izan duenez.

G-20 taldeko herrialdeak Cannesen (Frantzia) bilduta daude eguerditik eta, tartean, Greziako egoeraz hitz egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.