Euroguneko bost gaztetik bat langabezian dago

Inoizko goren dago langabezia tasa euroa partekatzen duten herrialdeetan, %9,7ra iritsi baita

Erredakzioa
2009ko urriaren 31
00:00
Entzun
Eurogunean 15,3 milioi pertsona daude langabezian. Multzo horretako asko eta asko gazteak dira, bereziki gertutik eragin baitie enpleguaren galerak. Eurostat Europako estatistika erakundeak emandako datuen arabera, batez beste, 25 urtez azpikoen %20,1 lan bila dabiltza. Joan den urtean, %15,7koa zen tasa.

Berriro ere hautsi du marka langabeziak, euroa partekatzen duten herrialdeetan. %9,7ra iritsi da tasa irailean. Hala ere, alde handia dago herrialde batzuen eta besteen artean. Espainian da handiena, %19,3koa. Aitzitik, Herbeheretan askoz enplegu gutxiago galdu da, eta tasa %3,6an dago.

Euroguneko antzeko mailan dabil Europako Batasuna ere, zertxobait hobeto. 27 herrialdeen artean, %9,2koa da langabezia tasa, eta 22,12 milioi lagun dabiltza enplegu bila.

Itxura guztien arabera, gora jarraituko du hurrengo hilabeteetan ere. Alemania eta Frantzia hasi dira errekuperazio zantzuak ematen, baina hori enpleguan igarri artean denbora pasatuko dela uste dute, bi urteko epea ere aipatzen da.

Inflazioak behera

Bien bitartean, inflazioa ere beheraka ari da, baina aurreko hilabeteetan baino gutxiago. %0,1 egin du behera urrian Eurogunean. Ekainaz geroztik hilero jaitsi da indizea: ekainean %0,1, uztailean %0,6; abuztuan %0,2; eta irailean %0,3. 1997an hasi ziren datua kalkulatzen, eta ordutik aurten arte inoiz ez zen negatiboa izan inflazioa. Ekonomialarien arabera, ez da asko luzatuko joera, eta laster berriro positiboa izango da inflazioa. Eurogunean deflazio arriskurik ez dute ikusten beraz.

Atzo emandako datua berretsi egin beharko du oraindik Eurostatek. Hala, azaroaren 16an jakinaraziko du produktuka prezioetan egondako bilakaera. Normalean, ordea, ez da alde handirik egoten Hego Euskal Herriko datuen berri ere azaroko bigarren astean emango du INE Espainiako Estatistika Erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.