BPG

Euroguneko ekonomia %0,4 hazi da lehen hiruhilekoan

Frantzia eta Alemania izan dira txanponaren bi aldeak.

Miren Garate.
2015eko maiatzaren 13a
11:15
Entzun

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, uste baino gehiago hazi da Frantziako barne produktu gordina. %0,4 zuen iragarrita Insee estatistika erakundeak, eta %0,6koa izan da igoera, gehienbat familien kontsumoa %0,8 ugaritu izanak eraginda.

"Kopuru horrek argi eta garbi sendotzen ditu aurtengo ditugun aurreikuspenak", esan du Michel Sapin Finantza ministroak. Gobernuak uste du %1 haziko dela herrialdeko ekonomia, eta Europako Batzordeak %1,1. Hazkunde datua ona izanik ere, ez da biribila, inbertsioak %0,2 gutxitu direlako eta enpleguak ez duelako suspertze zantzurik ematen.  Urtearteko hazkundea %0,7koa izan da, euroguneko txikiena Finlandia, Austria, Zipre eta Greziaren atzetik.

Sorpresa eman du Alemaniak ere, haren kasuan, okerrerako. Erritmoa galdu du hazkundeak. %0,5eko igoera espero zuten adituek, baina %0,3 soilik hazi da ekonomia lehen hiruhilekoan —igoera %0,7koa izan zen iazko azkenengoan—. Batik bat kontsumoak tira egin dio ekonomiari, aurrezki planek interes oso baxuak ematen dituztenez ez da erakargarria dirua gordetzea. Enplegua ere inoizko mailarik onenetakoan dago eta horrek gastatzera animatzen ditu herritarrak. Gobernuak %1,8ko hazkundea du iragarrita 2015erako.

Estatu gehienen datuak kontuan hartuta, Eurostatek kalkulatu du %0,4 hazi dela euroguneko nahiz Europako Batasuneko ekonomia urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean. Iazko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, hamarren bat handiagoa da kopurua euroguneko kasuan, eta mantendu egiten da 28 estatuak kontuan hartuz gero.

Konparaketa 2014ko lehen hiruhilekoarekin eginda, %1 hazi da BPGa eurogunean. Maila hori bikoiztu ere egiten dute Eslovaquiak (%2,9), Espainiak (%2,6), eta Letoniak (%2). Finlandiak bakarrik du urtearteko hazkunde negatiboa. Zerrenda horretan zegoen Italia ere, baina iazko mailan amaitu du lehen hiruhilekoa. Hamalau hiruhilekotan jarraian hazkunde negatiboa edo batere hazkunderik ez izan ostean, %0,3 hazi da ekonomia, eta atzeralditik atera da herrialdea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.