Eurostaten abenduko datuaren arabera, eurogunean 18,1 milioi langabe daude, azaroan baino 157.000 gutxiago eta iazko abenduan baino 693.000 gutxiago. Jaitsiera horrek langabezia tasa hamarren bat murriztea ekarri du, %11,5etik %11,4ra. 2012ko abuztutik izandako emaitzarik onena da. 2013ko abenduan %11,8 zen langabezia. Alemaniak (%4,8) eta Austriak (%4,9) dute tasarik txikiena. Handiena Greziak (%25,8) eta Espainiak (%23,7).
Enplegu arloan, euroguneak baino emaitza hobeak ditu Europako Batasunak. Han ere hamarren bat murriztu da langabezia azken hilabetean, %9,9ra. Aurreko abenduan %10,6 zen tasa. 2011ko urritik lehen aldia da langabezia %10eko mugaren azpitik kokatzen dela. Hain zuzen, azken urtebetean 28 estatutatik 24tan egin du behera enplegu bila zebiltzanen kopuruak. Belgikan mantendu egin da; Finlandian %8,3tik %8,4ra pasatu da; Frantzian %10,2tik %10,3ra; eta Italian hiru hamarreneko igoera izan du, %12,9ra iritsi arte.
Gazteen enplegu falta da Europaren kezka nagusietako bat. Egoera zertxobait hobetu den arren, oraindik 25 urtez azpikoen artean %23koa da langabezia.