Lehendik atzeraldian zeudenei, Frantzia eta Finlandia batu zaizkie aurtengo lehen hiruhilekoan. Hala, Eurostatek jakinarazi duenez, gutxienez zazpi dira eurogunean atzeraldian dauden herrialdeak: Espainia, Frantzia, Italia, Zipre, Herbehereak, Portugal eta Finlandia. Urtarriletik martxora bitartean, batez beste, ekonomia %0,2 uzkurtu da euroa partekatzen duten herrialdeetan. Hala, euroguneak jadanik urte eta erdi darama atzeraldian sartuta. Europako Batasunean ere bigarren hiruhilekoz jarraian atzera egin du barne produktu gordinak, %0,1 hain zuzen, eta, horrenbestez, hura ere atzeraldian da.
Hiru herrialdek soilik lortu dute hazkundea urte hasieran: Eslovakiak, Belgikak eta Alemaniak. Azken horren kasuan, gorakada espero baino txikiagoa izan da. Adituek %0,3ko igoera aipatzen zuten, baina azkenean %0,1ekoa izan da. Ahulezia hori arrazoitzeko aurtengo negua bereziki gogorra izan dela nabarmendu du herrialdeak, eta horrek sektore batzuetako jarduera oztopatu duela diote, besteak beste, eraikuntzakoa. Zantzu baikorren artean, kontsumo probatua hazi egin dela nabarmendu dute. Iazko azken hiruhilekoan %0,7ko atzeraldia izan zuen euroguneko ekonomia nagusiak.