E(u)romena

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako zorra saltzeko urre gorria ordaindu behar den egunotan (%2,84 jada 18 hilabeterako zorraren kasuan), galanta da Ibex-35 indizeak (+%1,65) bost egunean %12 irabaztea. Santander erraldoiak (+%2,86) zeresan handia du hortan, zalantzarik gabe, une ero eta urdurienetan berri on lasaigarriak sortzeko duen ahalmenagatik. Baina, nolanahi den, 1.890 milioiren salerosketarekin, %1na pasako irabaziekin lagundu zuten gainontzeko blue chip-ek ere, Edurnezurik salbu (+%0,94). Eta %6,67 irabazi zuen Sacyrrek, eta %5,56 Telecincok ere jarri zuen bere ero aletxoa. Aurreko asteetako gehiegikeriek sortuko zituzten, agian, oraingo kurrinkok. Lehengo larrialdia ez zen hainbesterako, eta oraingo loraldia ere ez. Finean, lasai eta erotu gabe egon denak ez du pazientzia eta dirua guztiz galdu. Bruselak Espainiako erreformei oniritzia eman die, eta, AEBetan ere, kimu berderen bat ikusi izanak borobildu zuen eguna.



Bancaja. Enplegatuen portzentaje handi bat aurrez jubilatu nahi du Bancaja Madridek, 26.000tik, 3.400; %13, alegia. Horratx, besteak beste, zertara bideratuko diren espainiar bakoitzak mailegutan bat egitean jarri dituen ehuna euroak.



Mapfre.Mapfre (-%0,08) aseguru etxeak 0,08 euroko dibidendu gordina ordainduko du gaur akzioko. Besteak beste, Ameriketan hedatu izanaren abantaila duen enpresetako bat da berau Ibex-35 indizean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.