Europa hazten hasi da berriro, baina galdutakoa berreskuratu gabe

Alemaniaren emaitza sendoak bultzatuta, Europako Batasuna eta euroaren eremua %1,7 hazi ziren joan den urteanAraban eta Nafarroan %1,2 igo da BPGa, Bizkaian %0,2 eta Gipuzkoan ez da aldatu

Iker Aranburu - Ivan Santamaria
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren ondorioz galdutako barne produktu gordinaren zati bat berreskuratu du Europako Batasunak. Zati horren neurria oso desberdina da herrialde batetik bestera, eta batzuek —Espainiak edo Greziak, kasu— oraindik ez diote buelta eman ekonomiaren uzkurtzeari. Atzeralditik atera da Hego Euskal Herria: Nafarroa eta Araba %1,2 hazi ziren, eta Bizkaia %0,2. Gipuzkoa lehengoan geratu zen.

Eurostatek atzo emandako datuen arabera, Europako Batasuneko BPGa %1,7 igo zen 2010ean, aurreko urtearekin alderatuta. Eurogunea osatzen duten hamasei herrialdeetan ere igoera tasa hori izan zen. Euroaren eremuko ekonomia %4,1 jaitsi zen 2009an, eta %4,2 EB osokoa. Hurrengo bi urteotan hazkunde erritmoari eustea espero du Eustatek: eurogunean, %1,5 aurten eta %1,8 2012an, eta %1,7 eta %2 EB osoan.

Hazkunde horren zati handi bat Alemaniari zor zaio. Europako ekonomiaren lokomotorrak ezizenari egoki erantzun dio, %3,6egin baitu gora. Egia da Alemania izan zela 2009an gehien erori ziren ekonomietako bat—%4,7 galdu zuen—, baina merkataritzak berriro erritmoa hartu ahala, hazkunde tasa sendoa berreskuratu du. «Lokomotorra berriro indartsu dabil», esan du, harro, Rainer Bruederle Ekonomia ministroak. Negu gogorrak zertxobait moteldu du Alemaniaren hazkunde erritmoa azken hiruhilekoan, baina Berlingo gobernuak espero du orain berriro hazkunde sendoa izatea. 2011n %2,5 eta %2,8 arteko hazkundea espero du.

Datu horietatik urruti geratu dira euroguneko beste bi ekonomia nagusiak: Frantzia %1,5 hazi da eta %1,1 Italia. Christine Lagarde Frantziako Finantza ministroak udazkenean pentsioen erreformaren aurkako grebei egotzi die aurreikusitako %1,8ra ez iritsi izana. Esportazioei (%9,9 gora) eta familien kontsumoari (%1,6)zor zaie Frantziaren hazkundea.

Hazkunde ahulagoa gurean

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren hazkunde erritmoak EBko batez bestekotik urrun jarraitzen du. 2010ean %0,3 igo zen. Urteko azken hiruhilekoan, hala ere, susperraldia apur bat azkartu zen: %0,8ko hazkundea izan zen urte arteko tasan. Sendotasun handiagoa izan zuen Nafarroak: %1,2.

Joan den astean datu globala aurreratu eta gero, hazkunde emaitzen inguruko xehetasunak argitaratu zituen atzo Eustat estatistika erakundeak. Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak emaitzak aztertu zituen, Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian.

Oro har, krisiaren irteera 1992-93 urteetakoa baino motelagoa izaten ari dela aitortu zuen Agirrek. «Ekonomia globalago baten ondorio da, eta baita ere finantza krisiak eragin duen likidezia faltarena». Hala ere, aurrera begira EBko hazkunde erritmoa egonkortuko dela eta EAEk haren erritmoan hazteko urratsak egingo dituela espero du.

Eustaten kontu ekonomikoek enpleguaren garapenari buruzko beste ikuspuntu bat ematen dute. Horren arabera, urtearen joanean okupazioa %0,8 jaitsi zen, 8.000 lanpostu gutxiago. Lanpostuen galera hori aurten ez dela gertatuko uste du Agirrek. Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du urte osorako okupazioak %0,5 egingo duela gora. Zenbaki orokorretan, 4.500 lanpostu inguru lirateke, eta ez litzateke aski izango joan den urteko galerari buelta emateko, eta, zer esanik ez, krisia hasi zenetik galdutako lanpostuak berreskuratzeko.

Edonola ere, Agirrek ez du erabat galdu itxaropena enpleguarekin. «2010ean okupazioa %1,9 jaitsiko zela esan genuen, eta azkenean horren erdia baino gutxiago izan da. Espero dezagun aurten ere aurreikuspenak hobetzea». Urteko lehen seihilekoan dagoeneko lanpostu garbiak sortzen hasiko direla ziurtatu zuen Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Hazkundearen osagaiei dagokienez, eskaintzaren alorrean industriaren eta zerbitzuen bultzadak balio izan du ekonomia emaitza positiboetara bueltatzeko. Aldiz, eraikuntza da oraindik ere zama nagusia. Orotara, %5,9 egin du behera eraikuntzaren ekarpenak, eta aurten ez du hobera egingo. Eskaeraren aldetik, esportazioek eta kontsumoak — pribatuak nahiz publikoak — aurrera egin dute. Inbertsioak utzi ditu daturik eskasenak: %6 gutxitu da.

Herrialde batetik bestera aldeak nabarmenak dira. 2010eko emaitza orokorra aintzat hartuta, Arabak izan zuen hazkunderik sendoena (%1,2), Bizkaiak ondoren (%0,2) eta Gipuzkoak ez zuen ez aurrera ez atzera egin (%0,0).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.