Zorraren krisia

Europa prestatzen ari da bankuei diru gehiago uzteko

Angela Merkelek hilaren 17ko eta 18ko goi bilerarako nahi du bankuen kapitalizazioari buruzko akordio batItaliaren eta Espainiaren zorra erosteko prest dago Nazioarteko Diru Funtsa

Iker Aranburu.
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Europako estatuek diru publiko gehiago jarriko dute zorraren krisian harrapatutako bankuak kapitalizatzeko. Hainbat astez bankuen kapitalizazioari buruzko mezu kontrajarriak zabaltzen aritu ondoren, finantza erakundeetan dirua sartu behar izango dutela aitortzen ari dira orain, gero eta ozenago, Europako Batasuneko arduradun nagusiak. Noiz, nola eta zenbat diru jarriko duten jakitea falta da, baina hilaren 17an eta 18an EBko gobernuburuek egingo duten bilerarakonahi duela adierazi du Europan gehien agintzen duen gobernuburuak, Angela Merkelek. Haren gobernua prest dago bere bankuei diru gehiago uzteko, «baldin eta beharrezkoa bada». Alemaniako bankuek asko daukate galtzeko, baldin eta, itxura denez, Greziak bere zorraren erdia pagatzeari uzten badio.

Financial Times-en arabera, EBko agintariak dagoeneko ari dira eztabaidatzen nola lagunduko dieten bankuei. Gainera, finantza ministroek eskatu diote Europako Banku Agintaritzari (EBA) beste estres azterketa bat —hirugarrena— egiteko kontinenteko bankuei, Greziak bere zorra pagatzeari utziko balio zenbat diru beharko luketen zehazte aldera. FTren iturrien arabera, eskaera horrek ez du esan nahi EBk espero duela Grezia ez dela gai izango zorra itzultzeko, baina uste dute horrela bizkorrago egingo dituztela berkapitalizazioari buruzko negoziazioak.

Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak aitortu du bankuen kapitalizazioa «koordinatzeko politikak» aztertzen ari direla, nahiz eta EBren bozeramaile batek zehaztu duen berez ez dela «plan europarrik».

Ñabardura horrek ez du bat egiten Frantziako Gobernuaren nahiekin. «Erantzuna, eman behar bada, europarra izango da, taldekakoa, ez da frantziarra izango», adierazi zuen atzo François Baroin Frantziako Finantza ministroak. Nahiz eta Belgikako Gobernuarekin batera Dexia salbatzeko ahaleginetan ari den, Parisek ukatu egin du bere banku nagusiek diru publiko gehiago behar dutela, eta diru pribatua biltzeko planak betetzen ari direla nabarmendu du. Frantziaren beldurra da diru gehiago jarri behar badu rating agentziek bere AAA kalifikazioa jaitsiko ote dioten eta, horren ondorioz, bere burua finantzatzeko zailtasun handiagoak izango dituela. Horregatik, nahiago du bankuentzako dirua EFSF funts europarrak jartzea.

NDFren eskaerak

Nazioarteko Diru Funtsa presio gogorra egiten ari zaie Europako agintariei zorraren krisiari tinko hel diezaion, haren ondorioak kontinente zaharrean ez ezik, munduko beste lekuetan ere sumatzeko arriskua dagoelakoan. Atzo, Antonio Borges NDFko Europarako zuzendariak argi eta garbi eskatu zuen bankuak berehala kapitalizatzeko. «Konfiantza azkar berreskuratu behar dugu. Hori egiteko modurik onena kapitala ahalik eta bizkorren biltzea da».

Udaberriaz geroztik ekonomiak jasan duen geldialdiaren ondorioz, NDFk Europaren hazkunde aurreikuspena jaitsi du aurtengo eta datorren urterako, eta ez du erabat baztertu herrialde asko berriro atzeraldian erortzea. Hori gerta ez dadin, Borgesek eskatu dio EBZri interes tasak jaits ditzan gaurko bileran.

Ikusmin handia sortu du euroguneko banku zentralaren gaurko hitzorduak. Batetik, zortzi urteko agintaldiaren ondoren Jean Claude Trichet presidentearen azkena izango delako. Bestetik, EBZ inoiz baino presio handiagoak jasaten ari delako bere politika zuhurra utzi eta ekonomiaren hazkundea bultzatzeko neurri gehiago har ditzan.

Merkatuak lasaitze aldera, NDFk bere burua eskaini du Italiaren eta Espainiaren zor publikoa ere erosteko. Bi estatukide horiek pagatu behar dute gainkostu handiena beren zor publikoaren truke, merkatuek dirua itzultzeko gaitasuna auzitan jartzen dutelako. Italia presio handiagoa jasaten ari da orain, haren zor publikoa Espainiakoaren halako bi delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.