Munduko Sindikatuen Federazioak antolatutako mobilizazio egunarekin bat eginez, LABeko ordezkariek manifestazioa egin zuten atzo Irunen. Han, hiru aldarrikapen egin zituen Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak. Alde batetik, bestelako Europa bat eskatu zuen, «Europa sozialago bat, herrien Europa bat». Bigarrenik, bestelako eredu sozioekonomikoa galdegin zuen. «Krisi honen aurrean, eredu berri bat eraikiko dugu Euskal Herrian, badaudelako eragileak horretarako prest». Azkenik, gobernuei egin zien aipamena. «Kapitalari saldu gaituzten gobernu hauek salatzen jarraituko dugu, eta borroka indartzen».
11:30ean hasi zen protesta ospitale zaharretik. PSOE, EAJ, PP, UPN zerbitzu publikoen suntsitzaileak eta Gastu sozial gehiago, kalitatezko zerbitzu publiko gehiago gisako kartelak eskuetan zituzten hainbat lagun joan ziren buruan. Haien atzetik zihoan Zerbitzu publikoak garatu. Burujabetza ekonomikoa leloa zuen pankarta. Manifestariek bi zutabe osatuz egin zuten Nazioarteko Zubira arteko bidea. Han, Iparraldeko ordezkariekin elkartu ziren. Bide guztian martxoaren 29ko greba orokorraren aldeko eta lan erreforma berriaren eta murrizketen aurkako oihuak nagusitu ziren.
Manifestazioaren aurretik, batzarra ere egin zuten LABeko sektore publikoko delegatuek. Hain zuzen, greba orokorra eta Espainiako Gobernuak onartutako lan erreforma izan zituzten hizpide nagusi. Etxaidek berretsi zuen erreformak ez duela balioko lanpostuak sortzeko. «Hala onartu dute guztiek, baina ez dute esaten lan erreforma honek pobrezia sortuko duela, pobretuko gaituen eredu sozial bat finkatuko duela, eta guztiz antidemokratikoa dela jendartearen borondatearen aurka inposatu dutelako».
Elkarretaratzea Bilbon
Murrizketen aurkako protesta gehiago ere izango dira datozen egunetan. Bihar izango da horietatik handiena. ELAk, LABek, EILASek, EHNEk, Hiruk, ESK-k, CGTk, CNTk, langabeen plataformek eta giza eskubideen aldeko plataformek antolatu dute. Bilbon izango da, 18:00etan, Jesusen Bihotza plazatik hasita —otsailaren 4an zen izatekoa, baina eguraldiagatik atzeratu eginzuten—.
Manifestazioaren deitzaileek protestan parte hartzeko eskatu zuten atzo, eta elkarretaratzea ere egin zuten Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean. «Gizarte laguntzak murriztu dituzte; haiek kobratzen dituztenak kriminalizatzen dituzte; eta langabezian daudenak euren egoeraren errudun egiten dira», salatu zuten.
Atzo bete ziren 21 urte Antonio Tejero koronelak eta hainbat guardia zibilek Espainiako Kongresua indarrez hartu zutela. Urtemuga hori gogoan hartuta, hainbat lagunek parodia bat egin zuten elkarretaratzean. Mozorrotu egin ziren, eskuetan kartoizko artazi batzuk zituztela. «Denok lurrera, hau giza eskubideen aurkako estatu kolpea da», oihukatu zuten. Hego Euskal Herrian 206.000 langabe baino gehiago daudela gogoratu zuten, eta laguntzak jasotzeko baldintzak gogortu egin direla. Osasun arlora eta hezkuntzara bideratutako aurrekontuak ere murriztu direla gaineratu zuten.
Gaur, Eusko Jaurlaritzako administrazio orokorreko langileek egingo dute ordu laurdeneko elkarretaratzea, Lakuan. ELAk eta LABek antolatu dute protesta, eta Zerbitzuko publikoak garatu, murrizketarik ez izango da leloa. Jaurlaritzak aste honetan onartutako langile gastuak murrizteko neurriak gaitzetsiko dituzte.
Europa «sozialagoa» eskatu du LABek Irunen egindako manifestazioan
Ainhoa Etxaidek azaldu du lan erreformak pobrezia ekarriko duen eredu soziala finkatuko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu