Europak diru zorroa atera du

Beneluxeko gobernuek Fortis bankuaren %49 erosi dute, Islandiakoak Glitnirren %75 eta Alemaniakoak Hypo salbatu du

Iker Aranburu.
2008ko irailaren 30a
00:00
Entzun
AEBetako finantza sistemaren krisiak eragindako tsunamiak Atlantikoa gurutzatu du eta bete-betean jo ditu Europako finantza merkatuak. Eta han bezala, hemen ere Estatuek hartu dute kalteak diru publikoarekin konpontzeko ardura. Belgikako, Herbehereetako eta Luxenburgoko gobernuek 11.200 milioi euro jarri dituzte Fortisen porrota eragozteko, Erresuma Batukoak Bradford & Bingley nazionalizatu eta zati bat Santanderren esku utzi du, Alemaniak mailegu handia eman dio Hypo Real Stateri eta Islandiakoak Glitnirren %75 erosi du.

Benelux Fortis, hiru estaturen esku

Ostiralaz geroztik miran zegoen Fortis, eta aurreikuspen okerrenak bete egin dira. Asteburuan, Belgikako, Herbehereetako eta Luxenburgoko gobernuen eta bankuko arduradunen arteko negoziazioen ondoren, esku-hartze publikoa ezinbestekoa zela erabaki zuten. Guztira 11.200 milioi euro jasoko ditu bankuak: 4.700 Belgikako Estatuak jarriko du, 4.000 Herbehereetakoak eta 2.500 Luxenburgokoak. Bankuaren %49 geratuko da haien esku, «behin-behinean», Didier Reynders Belgikako Finantza ministroaren hitzetan.

Esku-hartzearen helburua «domino efektua» eragoztea dela ziurtatu du Reyndersek, hau da, Europako bankuen osasunari buruzko mesfidantza zabaltzea eta bata bestearen atzetik porrot egitea. Oraingoz ez du helburua bete, Fortisen akzioa beste %23 amildu zelako. Are okerrago portatu zen Dexia Frantziako eta Belgikako bankua -%30etik gora galdu zuen-,zabaldu zelako kapitala handitu beharko duela kaudimen arazoak direla eta.

Laguntza publikoaren truke, Fortisek ABN Amro Herbehereetako bankuaren aktiboak saldu beharko ditu. Iaz erosi zituen, Santanderrekin eta Royal Bank of Scotlandekin batera.

Erresuma Batua Santanderren hedapena

Northern Rock nazionalizatu eta urtebetera, Bradford & Bingley ere bere esku hartu du Erresuma Batuko Gobernuak. Asteburuan bezeroek banku horretatik dozenaka milioi libera atera zituzten, eta gordailu horiek gabe bankua porrot egiteko zorian zegoen. Gobernuak B&Bren Yorkshireko egoitza nagusia eta maileguak gordeko ditu -42.000 milioi libera balio dute-. Bankuaren 21.000 milioi liberako gordailuak eta 192 bulegoak, ostera, Santanderri saldu dizkio enkantean. Lau urte eskasean Espainiako bankua Erresuma Batuko finantza erakunde handienetakoa bilakatu da: 2004an Abbey National erosi zuen, urriaren 10ean bere esku geratuko da Alliance & Leicester, eta orain Bradford & Bingley.

Alemania Hypo salbatzeko mailegua

Alemanian ere, irtenbide publiko-pribatua eman zaio Hypo Real Estate mailegu emailearen krisiari. Gobernuak eta banku pribatu talde batek 35.000 milioi euroko mailegua emango diote Hypori, porrota eragozteko. Lehen epean 14.000 milioi jasoko ditu, eta horren %60 jarriko dute banku pribatuek. Bigarren ordainketa 21.000 milioi eurokoa izango da, eta Berlingo gobernuak hartuko du bere esku. Betiere Alemaniako Legebiltzarrak onartzen badu.

Hypo Real Estate Alemaniako bigarren etxebizitza mailegu handiena da. Proiektu handiak finantzatzen aritu da, baina baita azpiegitura publikoak ere iaz DEPFA Bank erosi zuenetik. Burtsek gogor zigortu zuten atzo Hyporen akzioa eta %72,78 jaitsi zen.

Islandia Glitnirren %75 publiko

Islandiako Gobernuak 600 milioi euroan erosi ditu Glitnir bankuaren akzioen %75. Uharteko banku handienen artean hirugarrena da Glitnir, eta arazo handiak zituen likidezia lortzeko. «Esku hartzea gertatu izan ez baliz, Glitnir desagertu egingo zen aste gutxi barru. Oso sinplea da», justifikatu du David Oddsson Islandiako banku zentraleko buruak. Islandiako bankuak izugarri handitu dira azken urteotan, baina gordailu gutxi dituztenez -Islandiak 320.000 biztanle ditu- hein handi batean zorpetzean oinarritu du hazkunde hori. Bankuen arteko merkatuak itxita, bankuek arazo handiak dituzte zorra berriro finantzatzeko. Gainera, krona dirua amildu egin da -balioaren %60 galdu du aurten dolarrarekiko- eta horrek zorraren ordainketa garestitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.