Europako Banku Zentralak eta OCDEk astelehenean emandako mezu baikorrak hoztu egin zituen atzo Nazioarteko Diru Funtsak, Europa oraindik «krisi sakonari» aurre egin behar diola ziurtatuta.NDFk ohartarazi du egoerak okerrera egingo duela beste neurri batzuk hartzen ez badira, eta gomendatu du Europako bankuei ere estresazterketa egitea. Europako Batasunak ontzat hartu du proposamena, eta banku zentralen laguntzarekin finantza erakunde nagusien kontuak aztertuko dituela agindu du.
AEBetako Gobernuak egindako azterketak erakutsi du hango bankuek 75.000 milioi dolarreko kapitalabehar dutela zailtasunei aurre egiteko. Emaitza aditu gehienek espero zuten baino hobea izan da, eta bankuetako akzioei lagundu die burtsan.
AEBetan ez bezala, Europan ez dute banku bakoitzaren kapital beharra zehazteko asmorik, baizik eta «informazio orokorra» bildu nahi dute. Ekonomia ministroek CEBS Banku Begiraleen Europako Batzordearen esku utzi dute azterketa prozedura zehaztea, baina gero herrialde bakoitzeko banku zentralak egin beharko du, haien ardura da eta. CEBSek irailean jakinarazi du Europako finantza sektorearen arriskuei buruzko txostena.
Bankuen egoera zein den zehatz jakiteaz gain, NDFk Europako gobernuei aholkatu die zerga politika baliatzea eskaria bultzatzeko eta banku zentralei likidezia errazteko eta interes tasak maila txikietan mantentzeko. Hori bai, gobernuei ohartarazi die defizita eta zor publikoa ezingo direla etengabe handitu, eta epe erdira murrizteko neurriak hartu beharko direla. Zorra itzultzeko aldi baterako arazoak izanez gero laguntzeko prest dagoela esan du NDFk. Azken hilabeteetan erakunde horren dirua jaso dute, besteak beste, Hungariak (15.700 milioi dolar), Ukrainak (16.400 milioi) eta Islandiak (2.100 milioi), eta aurki eskuratuko dute Errumaniak (17.500 milioi) eta Poloniak ere (20.500 milioi).
2010eko bigarren erdia
Nazioarteko beste erakundeek egindakoaren ildotik, Marek Belka NDFko Europarako arduradunak ere aitortu du «atzeraldiaren hondoa jotzetik gertuago» dagoela munduko ekonomia, baina gogorarazi du Alemanian, AEBetan eta herrialde gehienetan datuak okerrera egiten ari direla. «Oso goiz da susperraldiaz hitz egiteko». Hala, NDFk kalkulatu du Europako ekonomiak %4,2 egingo duela atzera aurten: %4 herrialde aberatsenek, eta %4,9 ernatzen ari direnek.
NDFren arabera, ekonomia 2010eko bigarren erdian hasiko da berriro gora egiten, baina ez du eragotziko Europako barne produktu gordina bigarren urtez jaistea: %0,1 zehazki. Hori horrela izango da zenbait herrialderi kosta egingo zaielako atzeraldia gainditzea. Alemaniari, esaterako, %1eko hazkunde negatiboa aurreikusi dio NDFk, eta %3koa Irlandari, %0,7koa Espainiari eta %0,4 Erresuma Batuari.
Europak ere 'estres azterketak' egingo dizkie bere bankuei
Nazioarteko Diru Funtsak uste du kontinenteko ekonomia %4,2 jaitsiko dela aurten, eta hazkundea 2010ean hasiko dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu