ekonomia

Europak Espainia erreskatatuko du

Gehienez 100.000 milioi euroko laguntza emango dio, finantza sistemarako. Euroguneko Ekonomia ministroak arratsaldean gaia aztertzen aritu dira telekonferentziaz, eta hurrena jakinaraziko dituzte erreskatearen epeak eta baldintzak. Dirua euroguneko erreskate funtsek jarriko dute: EFSF eta ESMk. Nazioarteko Diru Funtsa "aholkuak" ematera mugatuko da, Espainiaren arabera. Luis de Guindosek saihestu egin du 'erreskate' hitza; "finantzarako laguntza da".

2012ko ekainaren 9a
20:35
Entzun

Europak Espainiako Estatua erreskatatzea erabaki du, eta gehienez 100.000 milioi euroko laguntza emango dio. Dirua euroguneko erreskate funtsek jarriko dute: EFSF eta ESMk. Nazioarteko Diru Funtsa "aholkuak" ematera mugatuko da, Espainiaren arabera. Arratsaldean hartu dute erabakia euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek, lauretatik aurrera telekonferentziaz egindako bileran.

Haien artean izan da Espainiako Ekonomia ministro Luis de Guindos, eta 19:30ean emandako prentsaurrekoan saihestu egin du 'erreskate' hitza. "Finantzarako laguntza" eskatu dutela esan du, eta egoeraren larritasuna murrizten saiatu da. ”Ez dago baldintza makroekonomikorik [Grezian, Irlandan eta Portugalen bezala]". ”Europan ez dago Espainiako finantza sektorearen pareko gardentasuna duen finantza sektorerik” ere adierazi du.

Eurotaldeak oharra atera du De Guindosen agerraldia bukatu ostean. Espainiak formalki eskaera egin ondoren emango du Europak erantzuna, eta orduan zehaztuko du zenbat diru utziko dion, eta diru hori zein epetan eta baldintzatan emango dion. Europako Ekonomia ministroek sitortu du Espainiako Gobernua "erreforma esanguratsuak" egiten ari dela —besteak beste, finantzakoa—

Espainiako Gobernuak nabarmen handitu du finantza erakundeen kapital premia. Funts hornidura handiak egitera behartu ditu, etxegintzako maileguen arriskuei eta aktiboen balioaren galerari aurre egiteko. Mailegu osasuntsuak babesteko ere dirua gordetzera behartu ditu. Erakunde gehienek baliabide propioekin egin dituzte funts hornidurak, baina batzuek ezin izan dute, eta laguntza eskatu behar izan dute.

Europako herrialdeek jarritako diru publikoarekin egingo da erreskatea. Espainiarrek bueltatu beharko dute gero, ezin baita bermatu finantza erakundeek jasotako dirua bueltatuko dutenik.

Espainiaren zor publikoa handituko da

Erreskateak Espainiaren zor publikoa handituko du, eta bistan da gobernua zorra ordaintzeko dirua nola lortzen ari den: gehiago zorpetuta, zergak igota eta gastu publikoa murriztuta. 

Espainiako ekonomia ez da hobetuko, gainera. Aurreikuspenen arabera, barne produktu gordina %1,7 inguru jaitsiko da aurten, eta langabezia ez da %25etik jaitsiko. 

Goizetik erreskate hotsa

Jean Claude Juncker eurotaldeko presidenteak arratsaldean adierazi du "konponbiderako" neurria azkar hartzearen aldekoa dela. Espainiakoa bankaren erreskatea izango litzatekeela azaldu du, eta Greziakoa "askoz zabalagoa" izan zela.

NDF Nazioarteko Diru Funtsak goizean eman du publiko astelehenerako iragarritako txostenaren berri —Espainiako finantza erakundeek 40.000 milioi euro behar dituztela esan du—.

Jens Weidmann Alemaniako Bankuko presidenteak eguerdian Espainiari esan dio ez dezala erreskate eskaera atzeratu.

Arenas: "Raxoik ezin du gehiago egin"

Javier Arenas Espainiako PP alderdiko zuzendaritzakideak adierazi du Mariano Raxoiren (PP) gobernuak egin beharrekoa egin duela orain arte. "Ezin du gehiago egin", aitortu du. Raxoi bera bihar Poloniara joatekoa da, Espainia-Italia Eurokopako partida ikustera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.