Ordu gutxi batzuk baizik ez du zutik iraun Espainiako Gobernuaren mezuak. Europako Batasunak eta finantza merkatuek gogorarazi diote Madrili erreskateak baldintzak dituela eta haren ondorioak, bankuek ez ezik, estatuak ere pagatu beharko dituela.
Europako erreskateekin ohikoa den arren, Espainiaren erreskatea asteburuan lotu zuten, merkatuak lo zeudela. Eta atzo goizean berriro esnatu zirenean, ontzat hartu zuten Espainiako bankuek beren kapitalak sendotzeko 100.000 milioi euro artean jasoko dituztela zioen berria. Baina, Madrilen eta Bruselaren atsekaberako, eguerdi aldera goitik behera aldatu zen inbertsiogileen aldartea, eta, bat-batean, 462 puntutatik 520ra igo zen arrisku saria. Hau da, merkatua ixtean %6,51ko interesa ematen zuela inbertsiogileen arteko merkatuan. Joan den astean %6,1eko interesa pagatu behar izan zuen Espainiak hamar urteko zorraren truke.
Erreskatearen xehetasunetan aurki daiteke arrazoia. Edo, hobe esanda, xehetasunen faltan. Euroguneak eta Espainiak oraindik ez dute hitzartu zein baldintza izango dituen maileguak eta, batez ere, zein erreskate funtsek emango duen. Reutersek arratsaldean ziurtatu zuenez, EFSFk emango du, behin-behineko funtsak. Horrela balitz, inbertsiogileen kezka nagusia argituko litzateke: zer gertatuko den beren bonuekin, Espainiak bere zorra berregituratu behar badu. Izan ere, ESM behin betiko funtsaren estatutuek diote hark emandako maileguek lehentasuna dutela beste edozeinen aurretik. Horrek bigarren mailako zorra bihurtuko luke hartzekodun pribatuena, eta dirua bueltan ez jasotzeko arriskuagatik ari ziren interes handiagoa eskatzen. EFSFk emandako maileguak, ostera, besteen parekoak dira.
EBren iturriak aipatuta, Reutersek dio EFSFk utziko diola Espainiako FROB funtsari, eta hura arduratuko dela bankuei bere beharren arabera banatzen. EFSF desegiten denean, 2013ko maiatzean, ESM mekanismo egonkorrera pasatuko litzateke zorra, baina aurreko baldintzetan. ESM uztailaren 1ean osatuko da.
Merkatuen eta adituen beste kezka Espainiak hartuko duen zor handiari buruzkoa da. Iaz ia bere BPGaren %70eko zorra zuen Espainiak —2007koaren halako bi, baina Alemaniak edo Frantziak baino gutxiago— eta beste hamar puntu igoko da erreskatea 100.000 milioi eurokoa bada. Bankuek maileguak zintzo itzultzeak txikitu egingo luke zorraren zama, baina Bankiari edo okerren dauden beste bankuei kapital gisa emango balie, estatuak arduratu beharko luke interesak itzultzeaz. Ehunka edo milaka milioi euroko kostua urtero.
Espainiako Gobernuak nabarmendu arren baldintzak bankuentzat soilik direla, Bruselak eta Berlinek gogorarazi diote erantzulea bera dela. «Dirua estatuak eskatu du, dirua estatuak jaso du eta estatua da haren erantzulea», ziurtatu du Alemaniako Gobernuko bozeramaileak, Steffen Seibertek. Gobernu horretako Finantza ministro Wolfgang Schaublek gaineratu du EBk, EBZk eta Nazioarteko Diru Funtsak osatutako troika arituko dela bankuei ezarritako baldintzak gainbegiratzen.
«Arrazoizko interesa»
«Noski, izango dira EBren, EBZren eta agian NDFren funtzionarioen bisitak», berretsi du Amadeu Altafaj Europako Batzordeko gai ekonomikoetako bozeramaileak. Maileguek %3 eta %4 arteko «arrazoizko interesa» izango dutela esan du Altafajek, eta gaineratu du «oso baldintza zuhurrak» ezarriko zaizkiola finantza sistema osoari, «eta ez soilik eragindako bankuei». Azken urteotan Espainiak bere kontuak doitzeko erreforma asko egin dituenez, adierazi du ez zaiola berririk eskatuko. Baina Espainia zorrotz kontrolatuko dutela aitortu du: «Inork ez du ezer doan ematen».
Beste hitz batzuetan esanda, Espainiako Gobernua maniobratzeko aukerarik gabe geratu dela Bruselaren aurrean eta haren eskaerak bete beharko dituela: BEZa igotzea, erretiroa 67 urterekin hartzeko epea aurreratzea eta langabezia saria txikitzea. Litekeena da Madrilek neurri horietako batzuk 2013ko aurrekontu proiektuan sartzea, hartara esan ahal izateko bere borondatez hartu dituela, defizita %3ra jaisteko.
Krisia eurogunean. Erreskatea Espainiarentzat
Europak eta merkatuek gogorarazi dute erreskatea ez dela doakoa
Troikak finantza sistemaren berregituraketa gidatuko duela eta kontuak kontrolatuko dizkiola ohartarazi dio Bruselak EspainiariZorraren ordainketaren lehentasunari buruzko kezkek asko igo dute arrisku saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu