IRAILA
•Gaur. Europako Batzordearen, Europako Banku Zentralaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren ordezkaritza bat Atenasera joango da, Grezia eurek ezarritako konpromisoak betetzen ari ote den aztertzera.•Gaur eta bihar. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea Angela Merkelekin bilduko da Berlinen eta biharamunean Parisen François Hollanderekin.
•Etzi. Europako Banku Zentralaren gobernu kontseiluaren bilera. Mario Draghik arazotan diren herrialdeen zorra erosteko programaren xehetasunak ematea espero da. Halakorik egingo ez balu, Alemaniaren babes politikoa ez lukeen seinalea litzateke, eta uztaila amaierako tentsioa itzuliko litzateke merkatuetara. Era berean, interes tasak %0,75etik %0,5era jaitsi ditzake, nahiz eta urrats hori, berez, urrian ematea espero den. Egun berean Angela Merkelek Espainiara bidaiatuko du, eta Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuarekin bilduko da.
•Irailaren 12a. Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak ebatziko du ESM Europako Egonkortasunerako Tresnak Europako itunak urratzen dituen edo ez. ESM herrialdeak erreskatatzeko funts iraunkor eta behin betiko gisa diseinatu zen, eta uztailean abian jartzea espero zen, baina Konstituzionalaren erabakiaren zain, Alemaniak ez du berretsi eta horregatik atzeratu da.
Egun berean, Herbeheretan hauteskundeak izango dira. Apirilean, eskuin muturreko alderdi baten babesa galdu ostean, herrialdeko gobernua hautsi zen. Irailaren 12an bozak izango dira, eta inkesten arabera, alderdi sozialistak irabaz ditzake. Bazkide garrantzitsua gal dezake Merkelek.
•Irailaren 14 eta 15a. Europako Batasuneko eta euroguneko finantza ministroek bilera izango dute Zipren. Zenbaitek jada aurreratu dutenez, bilera horretan arazotan diren herrialdeen zorra erosteko plana zehaztuta egongo da. Era berean, ordurako, Espainiak bere finantza sektoreari egindako ikuskaritzaren inguruko datuak emango ditu: zenbat kapital beharko duen banku bakoitzak. Horren arabera, zehaztuko da finantza erreskatea zenbatekoa izango den.
URRIA
•Urriaren 8a. Luxenburgon, finantza ministroen goi bilera. Ordurako troikaren azterketa izango dute eta erabakiko dute Greziari denbora gehiago eman edo ez.•Urriaren 18-19a. EBren goi bilera. Greziaz gain, ordurako, Espainiaren erreskatea jada mahai gainean izan dezakete.