ekonomia

Europako banku nagusiak EBZren zaintzapean zuzenean egotea adostu dute EBko finantza ministroek

Hamalau orduz hainbat bilera egin ostean, hori ahalbidetzeko oinarriak jarri dituzte, gaurko eta biharko goi-bileraren atarian. Alemaniaren nahia gailendu da eta EBZk ez ditu banku guztiak zainduko.

2012ko abenduaren 13a
11:19
Entzun

"Akordio historikoa", idatzi du Michel Barnier Europako komisarioak Twitterren. Europako Batasuneko finantza ministroek bankuek gainbegiratzaile bakarra izan dezaten beharrezkoak diren oinarri legalak adostu dituzte. Modu horretan Europako Banku Zentralaren zaintzapean izango dira ehun banku inguru, handienak.

Euroguneko herrialdeei eta euroan egon ez arren akordioan parte hartu nahi duten Europako Batasueko herrialdeei eragingo die akordioak. Eurogunetik kanpoko herrialdeen artetik zeintzuk sartuko diren ez dago garbi, baina Erresuma Batuak, Suediak eta Txekiar Errepublikak jada esan dute ez dutela parte hartuko. 

2014ko martxotik aurrera

2014ko martxoaren 1ean jarriko da indarrean gainbegiratzaile bakarra, baina datan aldaketak izan daitezkeela aurreikusi dute. Europako Banku Zentralak urtebete beharko du araudia prestatu eta giza baliabideak horretara jartzeko.

Neurriak 30.000 milioi eurotik gorako aktiboak dituzten bankuei edo akordioan parte hartzen duen herrialde bateko barne produktu gordinaren %20ko aktiboa dutenei eragingo die. Guztira ehun bat banku izango dira.

Merkelen garaipena

Europako Banku Zentralak eta zenbait herrialdek, tartean Espainiak eta Frantziak, banku guztiak zuzenean EBZren gainbegiradapean egotea nahi zuten, baina Alemaniak ez, eskualdeetan eta landerretan aktibo toxiko asko dituzten banku eta aurrezki kutxak daudelako eta zaintza horretatik kanpo utzi nahi dituelako. Alemaniaren nahia gailendu da, eta horiek Bundesbankek zainduko ditu zuzenean.

Ikuskaritza bakarra abiatzea adostea uda aurretik Frantziaren eta Espainiaren garaipentzat jo zen, eta Merkelen porrot gisara. Azkenean, ordea, Alemaniako kantzilerrak berera ekarri du asmoa. Hala ere, EBZk eskubidea izango du beste bankuak ere modu zuzenean gainbegiratzeko hala nahi izanez gero edo herrialderen batek horrela eskatuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.