EkonOMIA

Europako Banku Zentralak %1,5era jaitsi du interes tasa

Ordu batzuk lehenago Ingalaterrako Bankuak %0,5era jaitsi du berak ezarritako interes tasa.

2009ko martxoaren 5a
17:52
Entzun
Europako Banku Zentralak (EBZ) %1,5era jaitsi du gaur interes tasa. Orain arte %2an zegoen tasa hori. EBZko presidenteak, Jean-Claude Trichetek, gainera, "egoerak hala eskatzen badu", gehiago jaits daitekeela azaldu du.

EBZren gobernu kontseiluak Frankfurten (Alemania) egin du gaur bilera, eta bertan hartu du interes tasa jaisteko erabakia. 1999an euroa indarrean sartu zenetik interes tasak izandako mailarik apalena da gaurkoa.

Horrez gain, kreditu erraztasun marginala (entitateei dirua maileguan emateko baremoa) %3tik %2,5era jaitsi du Europako Banku Zentralak, eta deposito erraztasuna %1etik %0,5era.

Ordu batzuk lehenago, Ingalaterrako Bankuak, krisi ekonomikoari aurre egin nahian, beste puntu erdian beheititu du interes tasa, eta hori orain %0,5ean dago, inoiz egon den baxuen. 1694an sortu zuten bankua.

Halaber, hurrengo hiru hilabeterako 84.000 milioi euroko programa jarri du abian, arlo pribatuan aktiboak erosteko asmoz.

Erresuma Batuan iazko azkeneko hiruhilekoan Barne Produktu Gordinak %1,5 egin zuen behera, azkeneko 28 urtean gehien. Dagoeneko ia bi milioi lagun daude langabezian, eta kontsumoa eta ekoizpena asko jaitsi dira.

Urritik seigarrenez segidan jaitsi du Ingalaterrako Bankuak interes tasa. Orduan %5ean zegoen diruaren prezioa han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.