Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari Christine Lagarderi kasu egin diote nazioarteko diru erakunde garrantzitsuenek. Merkatuak lasaitzeko ekintza bateratuak nahi zituen hark, eta halaxe egin zuten atzo. Europako Banku Zentralak, AEBetako Erreserba Federalak, Ingalaterrako Bankuak, Japoniako Bankuak eta Suitzako Banku Nazionalak milaka milioi dolar jarri zituzten Europako bankuen eskura, dolarretan finantzatzeko arazoak dituztelako.
Horrek, aspaldian ez bezalako igoerak eragin zituen Europako burtsetan: %3tik gorako irabaziekin itxi zuten Bilboko, Madrilgo, Parisko, Milango, Londresko eta Frankfurteko burtsek. Bankuek irabazi zuten gehien, BNP-Paribas frantziarra buru zutela. Astelehenean %12 jaitsi eta asteartean %7 igo ostean, atzo %13,3ko irabaziarekin itxi zuen. Intesa San Paolo eta Unicreditok italiarrek jarraitu zioten,%10,2 eta %6,9 irabazita; Allianz alemaniarra %6,7 igo zen; eta ING herbeheretarra %6,66. Espainiako bankuen artean, bi handienek irabazi zuten gehien: BBVAk (%5,4) eta Santanderrek (%5,13).
Atzokoaz gain, urtea bukatu bitarte beste hirutan merkatura dolarrak sartzeko asmoa dute, gainera, bost erakunde horiek. Zenbat diru sartuko duten ez du teiragarri, ezta bankuei zenbateko interesa eskatuko dieten ere; dirua noiz jarriko duten, ordea, bai: otsailaren 12an, azaroaren 9an eta abenduaren 7an. Arazo bat bada, hala ere, EBZk euroak bakarrik jaulki baititzake merkatura. Horrenbestez, dolarrak merkaturatu nahi dituenean AEBetako Erreserba Federalarekin hitzartu beharra dauka.
Christine Lagardek adierazi zuen «justu horrelako ekintzak direla krisia gainditzen lagunduko dutenak». Bost erakundeei beren esku dituzten baliabideak erabiltzen jarraitzeko eskatu zien.
Europako bankuen dolar premia beteko dute banku zentralek
Europako burtsek euforiaz hartu dute berria, eta finantza erakundeetako akzioak izugarri igo dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu