Zergak

Europako Batasunak 17 herrialde izendatu ditu zerga paradisu

EBko Finantza ministroek gaur onartu dute zerga kontuetan "ez laguntzaile" diren herrialdeen zerrenda. Oxfam eta Tax Justice Network erakundeek euren ikerketa propioak egin dituzte, 36 eta 41 herrialde zerrendatuta, eta ohartarazi dute batasuneko estatu kide batzuk ere ez dituztela ezarritako irizpideak betetzen.

Oxfamek eta gobernuz kanpoko beste erakunde batzuk zerga paradisuen aurka egindako protesta bat, iazko maiatzean, Londresko Trafalgar plazan. HANNAH MCKAY / EFE
Ivan Santamaria.
2017ko abenduaren 5a
15:52
Entzun

Europako Batasunak 17 herrialde sartu ditu zerga paradisuen zerrenda beltzean. Erabakia gaur eguerdian jakinarazi dute, Bruselan egiten ari den Finantza ministroen kontseiluaren ondoren. Ameriketako Samoa, Bahrein, Barbados, Grenada, Guam, Hego Korea, Macau, Marshall uharteak, Mongolia, Namibia, Palau, Panama. Saint Luzia, Samoa, Trinidad eta Tobago, Tunisia eta Arabiar Emirerri Batuak daude zerrenda horretan.

Hego Korea da zerrenda beltzean sartu duten G20ko herrialde bakarra, eta ekonomikoki, garrantzitsuena. "Lehentasunezko zerga araudi kaltegarriak" indarrean dituela leporatu dio EBk, eta ez dituela horiek 2018. urtea amaitu baino lehen egokitzeko edo kentzeko konpromisorik hartu.

EBk ziurtatu du ikuskatu diren jurisdikzio "gehienek" erabaki dutela batasunarekin lankidetza handitzea. Hala, beste 40 bat herrialdek konpromisoak hartu dituzte egotzi zaizkien portaerak zuzentzeko. Herrialde garatuek 2018. urtea amaitzen denerako egokitu beharko dituzte, eta garatzeko bidean dauden herrialdeei urtebete gehiago emango zaie. Hong Kong, Turkia, Bosnia eta Herzegovina, Montenegro, Oman, Serbia edo Vietnam daude moldaketak egingo dituzten herrialdeen artean.

Suitza ere agertzen da bigarren zerrendan, eta kasu honetan zergepetze "kaltegarria" zuzentzeko hitza eman du. Beste 24 herrialdek ere zerga araudi "kaltegarriak" kenduko dituzte. Horien artean daude Andorra, Liechtenstein, San Marino, edo Uruguai.

Zerga paradisu izatea egotzi zaien beste jurisdikzio txiki ugari ere ageri dira bigarren multzo horretan. Hala nola, Curacao, Aruba, Belize, Bermuda, Kaiman uharteak, Guernsey, Man uhartea, Jersey edo Vanuatu. Offshore egiturak errazten dituzten araudiak zuzenduko dituztela agindu dute horietako batzuk.

Hondamendi naturalen bat jasan duten jurisdikzioei dagokienez, prozedura eten dute EBko herrialdeek. Leporatu zaizkien praktikak datorren urtea amaitu baino lehen zuzentzea eskatuko zaie. 2018. urteko otsailean berriro jarriko dira harremanetan herrialde horiekin. Gaurko dokumentazioan ez dituzte identifikatu.

Panamako paperei lotutako eskandalua gertatu bezain pronto iragarri zuen Europako Batzordeak paradisuen zerrenda berria egiteko proiektua. 2016. urteko uztailean hasi zituzten prestatzeko lanak, eta azaroan jurisdikzioek bete beharreko irizpideak ezarri zituen. Hiru hartuko dira kontuan: gardentasunez aritzea, zerga sistema bidezkoak izatea, eta enpresei irabaziak bidegabeki mugitzea ez ahalbidetzeko hartu diren nazioarteko neurriak martxan izatea.

Funtsean, zergapekoen informazioarekin elkartruke automatikoak bideratzea, offshore egiturak ez baimentzea, eta zerga neurri "kaltegarriak" ndarrean ez izatea eskatzen die Europak beste herrialdeei.

Irizpideak ezarri ondoren, baldintzak betetzen ez zituzten herrialdeekin hartu-emanak izan ditu Bruselak. Aurtengo urtarrilean gutunak igorri zizkien, prozeduran parte-hartu eta egoera zuzentzea eskatzeko. Informazio ezberdinen arabera, 92 jurisdikzio ezberdinetara bidali ziren oharrak. Urrirako zerrenda 41 jurisdikziora mugatu zen. Besteak beste, Erresuma Batuak betoa ezarri zion haren menpeko lurraldeak agertzeari. Haatik, Paradisuko paperen argitalpenari jarraituz, betoa kendu eta beste hamabi zerga paradisura bidali ziren gutunak, horien artean Bermuda, Kaiman uharreak edo Man uhartea, denak Erresuma Batuaren menpeko lurraldeak.

Bloomberg-en arabera, azaroaren 21eko zirriborro batean 36 herrialde ageri ziren. Astebete geroago, 29 herrialde leudeke. Armenia, Bahrein, Barbados, Jordania, Maroko, Mongolia, Panama, Qatar, Tailandia, Tunisia, Arabiar Emirerri Batuak edta Vietnam ageri dira. Turkia jatorriko zerrendan zegoen, baina azken orduko negoziazioen bidez kentzea lortu du.

Oxfam eta TJNren zerrendak

Erabakiaren atarian, EBri presioa sartu nahi izan diote gobernuz kanpoko hainbat erakundek. G20ren erabakiari jarraituz, OCDE Ekonomiaren Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak halako zerrenda bat egin zuela gogoratu dute Oxfamek eta Tax Justice Network elkarteek, baina, hainbat urte geroago, jurisdikzio bakarra izendatzen du “ez-laguntzaile” gisa: Trinidad eta Tobago.

Bi erakundeek Europak ezarritako baldintzak hartuta euren azterketa propioak egin dituzte. “Erabat objektiboak eta egiaztatzeko modukoak” ez direla ohartarazi du TJNk, baina, hala ere, ikerketa aurrera eraman du. Horren arabera, 60 herrialdek ez dituzte betetzen EBk jarri dituen baldintza guztiak, eta 41 egon beharko lirateke zerrendan. Oxfamek, berriz, antzeko metodologia jarraitu du, eta 36 jurisdikzio identifikatu ditu.

Oxfamek markatu dituen zerga jurisdikzio guztiak datoz TJNren zerrendan. Albania, Bahamak, Bermuda, Bosnia, Kaiman uharteak, Gibraltar, Hong Kong, Jersey, Montenegro, Oman, Serbia, Singapur eta Suitza ageri dira, eta beste jurisdikzio txikiago batzuk. TJNk beste bost gehitu ditu: Belize, Saint Vincent eta Grenadinak, Samoa, Leichtenstein eta Monako.

EBk argitaratuko duen zerrendan ez da agertuko batasuneko herrialdeek. Hala ere, Oxfamek eta TJNk salatu dute estatu kide batzuren praktikek eta legeek ez datozela bat irizpideekin, eta, bere horretan, zerrenda beltzaren parte izan beharko liratekeela. Oxfamen ustez, Herbehereak, Irlanda, Luxenburgo eta Malta dira. Lau horiei beste bi gehitu dizkie TJNk: Erresuma Batua eta Zipre.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.