Europako Batasuneko (EB) akordio fiskal berritik Erresuma Batua kanpo geratuko zela jakina zen, baina gauean iritsi da ustekabea: Txekiar Errepublikak ere ez du onartu. Hitzarmenaren arabera, EBko herrialdeek zorrotz egin beharko dituzte euren aurrekontuak; gehienez, bakoitzaren barne produktu gordinarekiko %0,5eko defizita onartuko da.
Euroguneko hamazazpi herrialdeek konstituzioan edo bestelako legeetan jaso beharko dute hori, eta beste herrialdeak euren borondatez batuko dira itunera. Irizpidea betetzen ez duenak zigorrak izango ditu. Akordioa martxoaren 1 eta 2ko Europako Kontseiluaren batzarrean sinatuko dute.
EBko estatuburu eta gobernuburuak Bruselan izan dira bilduta arratsaldetik, hazkundea sustatzeko eta langabezia murrizteko neurriak aztertzeko. Erreskate fondoak ere izan dituzte hizpide, eta etorkizuneko paktu fiskala onartu dute kide, Erresuma Batuak eta Txekiak izan ezik.
Gazteen artean enplegua sustatzeko neurrien inguruan eztabaidatu dute. Bekak, praktikak eta atzerrian egonaldiak egiteko programak sustatu nahi dituzte, baita tituluen legedi komunitarioa berrikusi ere. Defizitaren helburuaren gainean ere aritu dira, eta zenbait herrialderentzat helburu hori malgua izatea komeni den aztertu dute.
Bilera baino ordubete lehenago bildu egin dira Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea, Angela Merkel Alemaniako kantzillerra eta Italiako lehen ministro Mario Monti. Sarkozyk hainbat neurri iragarri zituen atzo, Frantzian enplegua eta lehiakortasuna sustatzeko. Neurri horien artean, BEZ zerga igoko du, %19,6tik % 21,2era.
Greba orokor deialdia zuten gaur Belgikan, gastu publikoaren inguruan egin diren murrizketak salatzeko. Greba dela eta, gorabeherak izan dira herrialdean. Tren zerbitzuak geldituta izan dira, eta Zaventem aireportuan hainbat hegaldi bertan behera utzi dituzte. Errepidean ere auto ilarak sortu dira, zenbait hiritako sarbidetan jarritako langen ondorioz.