Berrikuntza

Europako batezbestekoan dago ia EAEko berrikuntza

Hiru ehunen hobetu dute indizea Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeek. 0,48 lortu dute Europako Berrikuntza Indizearen arabera, eta Europakoa 0,50 da.

Soraluze kooperatibako bazkide bat laborategi probak egiten. JAUN CARLO RUIZ / FOKU
xabier martin
2018ko urriaren 26a
16:36
Entzun

Krisiaren oldarraldiaren luzeak berrikuntzaren kopuruak higatu zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Europako inbertsioaren batezbestekotik aldentzen hasi zen EAEko erkidegoa. Azken urteetan, areagotzen ari da berrikuntza, baina asko kostatzen ari zaio Europaren mailan jartzea berriro. 2018an ere ez du lortuko, nahiz eta oso gertu geratuko den.

Eustatek ezagutarazitakoaren arabera, Europako Berrikuntza Indizeak 0,48 eman dio EAEri, 2017an baino hiru ehunen gehiago. Europako batezbestekoa 0,50 da. Baina batezbesteko horrek ez luke izan behar euskal industriaren helburua, kopuru horretatik gora baitaude lehiakide izan nahi duten herrialdeak: Alemania, Belgika, Frantzia, Austria, Herbehereak, Erresuma Batua, Suedia, Danimarka...

Europako Berrikuntza Indizeak herrialdeen gaitasun ekonomikoa neurtzen du, besteak beste berrikuntza, enplegua eta salmentak kontuan hartuz. Indize horretan, EAE hainbat herrialdeen aurretik dago, besteak beste, Eslovenia, Txekia, Portugal eta Espainiaren aurretik. Haien aurreko taldean agertzen dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoa berrikuntzaren atalean, Alemania, Belgika, Irlanda, Austria eta Frantziarekin batera, baina haien atzetik.

Enpresen inbertsioa

Betiere berrikuntzaren esparruari dagokionez, giza baliabideen parametroan, Europako batezbestekotik gora dago EAE 24 eta 34 urte arteko graduatu doktoreei dagokienez. Mila biztanleko 3,73ko indizea dauka, eta batezbestekoa 2,01 da. Abiadura handiko banda zabalean ere emaitza onak lortu ditu erkidegoak: %27,5eko indizea dauka, eta batezbestekoa %16 da.

Euskal enpresen inbertsioari dagokionez, berrikuntza BPGrekiko %1,37 da, batezbestekotik gora (%1,32); baina Eusko Jaurlaritzak berak sarritan onartu du inbertsio pribatu hori gehiago igo behar dela industriaren abangoardiarekin lehiatzeko. Izan ere, berrikuntzak enpleguan eta salmentetan duen eragina txikiagoa da EAEn Europan baino, batez beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.