Azken asteetan Europako Batzordeak beste isun handi bat ezarri du. Intel enpresa informatikoari 1.060 milioi euroko multa ezarri zion maiatzaren 13an, merkatuan duen nagusitasunagehiegikeriaz baliatu duela erabakita. Isunetan kopuru handi hori ezartzeko ildoak segida izan du, orain, energiaren alorreko bi enpresek ustez egindako monopolioaren legearen urratzea dela-eta.
Dena den, azken zortzi urteetan hainbat izan dira Europako Batzordeak ezarritako isun gogorrak monopolioaren legea haustegatik. Esaterako, 2001ean 855, 2 milioi euroko isuna jarri zien bitaminak merkaturatzen zituzten enpresa batzuei, akordio sekretuen bidez merkatua banatzeagatik. 2004an, berriz, Microsofti 497,2 milioi euroko isuna ezarri zion, sistema operatiboen merkatuan kuasi-monopolio bat gauzatzeagatik. 2007an berretsi zuen isuna EBko auzitegi batek eta urtebete geroago 899 milioi euroko isun berria jarri zion EBk, 2004an egindako lege urratzea ez zuzentzeagatik. 2007an ere beste isun gogor bat jarri zuen Europako Batzordeak: Otis, KONE, Schlinder, Thyssenkrupp eta Mitsubishi igogailu ekoizleek 992 milioi euro ordaindu behar izan zituzten.
Euskal Herrikoak
Europako Batzordeak merkatuaren legeak urratzeagatik ezarritako isunen zerrendan agertzen dira Euskal Herriko enpresa batzuk ere. 2001eko abenduaren 20ean EBk 313, 7 milioi euroko isuna jarri zien paperaren alorreko hamar enpresari, horien artean, Hernaniko Papelera Gipuzcoana de Zicuñaga eta Derioko Distribuidora Vizcaina de Papeles. Salneurriak ezartzeko eta merkatua banatzeko ados jarri zirela esan zuen Europako Batzordeak.