isun historikoa google-ri

Europako Batzordeak 2.420 milioi euroko isuna jarri dio Googleri, inoizko handiena

Bruselak ondorioztatu du Interneteko bilaketetan nagusitasuna duela AEBetako konpainiak, eta posizio hori gehiegikeriaz baliatu duela bere produktu eta zerbitzuei lehentasuna emateko.

Europak Google zigortu du shopping zerbitzuari legez kanpoko abantaila emateagatik. RITCHIE B. TONGO / EFE
Ivan Santamaria.
2017ko ekainaren 27a
07:31
Entzun

Lehia arauak urratzeagatik inoiz ezarri duen isunik handiena jarri dio Europako Batzordeak Google konpainiari. Lehia agintaritzak frogatutzat jo du bilatzailearen bidez prezioak alderatzeko sistema propioa lehenetsi zuela eta lehiakideenak zokoratu zituela. "Europan ari diren konpainiek merituen arabera lehiatu behar dute, nongoak diren axola gabe", azpimarratu du Margrethe Vestager Lehia komisarioak, isunaren berri emateko egin duen agerraldian.

Konpainiari 90 eman dizkiote salatutako arau-hausteak konpontzeko. Googlek erabaki beharko du nola zuzendu nahi dituen, baina aurrera begira bermatu beharko du prezioak alderatzerakoan bere sistemak ez duela abantailarik izango. Ez badu agindutakoa betetzen, egunero munduan duen fakturazioaren %5aren pareko zigorra jarri ahalko dio Googleren jabeari, Alphabet konpainiari. 

Gaurko erabakiak aurrekari bat ezarri du. Bruselak ondorioztatu du Interneteko bilaketen merkatuan nagusitasun egoera duela Googlek. Hori ez da, berez, legez kanpokoa, baina egoera horretan dauden konpainiek "ardura berezia" dute, gehiegikeriarik egiteko baliatzen ez dutela ziurtatzeko. Googleren inguruan dituen ikerketa ezberdinetan nagusitasun faktorea kontuan hartuko du Bruselak. Konpainia saiatu da posizio hori gezurtatzen, baina bilaketen %90 baino gehiago kontrolatzen ditu, EBk egindako kalkuluen arabera.

Oraingoz, Interneteko bilatzailearekin lotutako beste bi kasu dituzte esku artean lehia agintariek. Android sistema eragileari eta Adsense iragarki sistemari dagozkio. Bi kasuetan behin-behineko erabakia hartu du Bruselak, eta bi horietan ere konpainiak nagusikeriaz jokatu duela uste du. Ikerketa amaitu gabe, baina beste isun bat jasotzeko bidean da Google. Lehia komisarioak ez du, hala ere, behin betiko erabakirik hartu. Nagusitasunari buruzko erabakiak beste ikerketa batzuei ekiteko aukera zabalduko du. Irudi, mapa edo bidaia zerbitzuak kudeatzerakoan gehiegikeria eman ote den aztertzen hasi da Vestagerren taldea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.