Ekonomia

Europako Batzordeak hiru aste eman dizkio Italiari aurrekontuak aldatzeko

Bruselak lehengoz bota du atzera aurrekontu bat. Erromak erantzun dio "euro bakar bat ere" ez duela kenduko, eta eurodiputatu batek zapatarekin zapaldu ditu Moscoviciren paperak

Giovanni Tria Italiako Finantza ministro eta Pierre Moscovici EBko Ekonomia komisarioa, Erroman, joan den ostegunean. MAURIZIO BRAMBATTI / EFE
Jon Fernandez.
2018ko urriaren 23a
07:32
Entzun

1999an eurogunea sortu zenetik, lehenengo aldia da gertatzen dena: Europako Batzordeak atzera bota du estatu kide baten aurrekontu proiektua. Zehazki, Italiako Gobernuak 2019rako ondutako aurrekontu proiektua gaitzetsi ditu Bruselak, defizit araua apurtzeagatik. Hiru asteko epea eman dio herrialdeari beste aurrekontu batzuk aurkezteko (azaroaren 13ra arte), EBko egonkortasunaren legea betetzen dutenak.

Berehala erantzun du Italiako Barne ministro Matteo Salvinik, eta ez du amore emateko asmorik erakutsi. "Ez diote eraso egin gobernuari, herriari baizik". Konbentzituta dago egokiak direla 2019ko aurrekontuak, eta esan du "euro bakar bat ere" ez dutela kontuko aurrekontu proiektutik.

Erromaren ezezkoa are gordinago irudikatu du Europako Batzordearen prentsaurrekoaren amaieran Legako eurodiputatu batek, Angelo Cioccak. Moscoviciren paperak hartu eta bere zapatarekin zapaldu ditu mahai gainean. Twitterreko bere kontuan jarri du bideoa, honako azalpen honekin: "Moscovicik gure herrialderaren kontra idatzitako gezurren mendia zapaldu dut (Made in Italy zapata zolarekin!!!) Italiak errespetua merezi du eta Euroinozo hauek ulertu egin behar dute ez dugula bururik makurtuko!!! Ondo egin al dut?"

Cioccak zapata eskuetan hartu baino minut batzuk lehenago, egoeraren larria azpimarratu du Europako Batzordeko Ekonomia komisario Pierre Moscovicik, baina zehaztuz oraindik ez dela gertatu Bruselaren eta Erromaren arteko talka:  "Momentu larria da, gogorra, baina ez da agortu eztabaidaren fasea". Italiako aurreko gobernuak defizit publikoa BPGaren %0,8ra jaitsi nahi zuen 2019an, baina Lega Norden eta M5S Bost Izarren Mugimenduaren koalizio gobernuak %2,4ra igo du.

Vladis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteordeak ohartarazi du defizitaren desbideraketa ez dela txikia, handia baizik, eta ez diola malgutasunerako tarterik utzi Batzordeari. "Ez da muga-mugako aurrekontua, beste herrialde batzuetan gertatu izan den bezala". Argudio bera erabili du Moscovicik ere erabakia justifikatzeko: "[Defizitaren] Pilota ez dago marraren gainean, marratik urruti baizik. Beraz, arauak betearazi egin behar dira".

Italiako Gobernuak hiru aste dauzka aurrekontuak moldatzeko eta defizita txikitzeko. Bruselaren eta Erromaren arteko desadostasuna 1,5 puntukoa da defizitaren inguruan. Moscovicik gobernuari eskatu dio ahal izanez gero ez agortzeko hiru asteko epea, hobe litzatekeela lehenbailehen jasotzea proposamen berria. Behin aurrekontu berriak jasotakoan, Bruselak beste hiru aste izango lituzke zenbakiak aztertu eta erantzun bat emateko.

Bi aldeek epeak agortuz gero, abenduaren 4an eman diezaioke Bruselak bigarren ezezkoa Italiako aurrekontu proiektuari, baldin eta Giussepe Conteren gobernuak bereari eutsi eta berriz ere aurrekontu berberak aurkeztuko balitu. Kasu horretan, Europako Batzordeak aukera izango luke inoiz erabili ez dituen tresnak erabiltzeko: gehiegizko defizitagatik prozedura ireki dezake Italiaren aurka, milioika euroko zigorrak ezarriz eta egiturazko funts batzuk kenduz. 

Muturreko egoera hori ez dute aurreikusten oraingoz Bruselan. Moscovicik behin baino gehiagotan errepikatu du gaur orain pilota Italiako Gobernuaren teilatuan dagoela eta negoziaziorako atea zabalik dagoela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.