Europako Batzordeak oniritzia eman dio Espainiako bankuak erreskatazeko planari, esanez, orain Europako Batasuneko arauak betetzen dituela eta aurrera eraman daitekeela.
Hori zen finantzaketa arazoak dituzten bankuei 100.000 milioi arteko diru lagutnza eman ahal izateko bete beharreko azkeneko baldintza. Europako Batzordeak gogoratu du, halere, kaudimendunak ez diren bankuak merkatutik kanpo geratu daitezkeela, erreskate plan horrekin euren kontuak ez badira onbideratzen.
Iragan ostiraldean Eurotaldeko 27 herrialdeek argi berdea eman zioten erreskateari. Orotara, 100.000 miloi euroko mailegua izango da eta, lehenengo diru sorta hilaren amaieran iritsiko zaio Espainiari, 30.000 milioi euro, hain zuzen.
Dirua finantza erakundeentzat izango da, eta baldintza gogorrak ezarriko zaizkio sektoreari, baina baldintzak ez dira izango haientzat bakarrik. Aintzat hartu behar da dirua Gobernuak eskatuko duela, eta dirua bueltatu ere berak bueltatu behar duela. Finantza sistema berriro berregituratzera behartuko dute Espainia eta Europako Batasuneko erakundeen kontrola jasan beharko du. Beste neurri batzuk hartzera behartuko dute, esaterako, autonomia erkidegoak kate motzean lotzea, BEZa igotzea, lan merkatuaren erreforma osorik indarrean jartzea eta zenbait lanbide liberalizatzea.
De Guindos, Parisen
Luis de Guindos Espainiako ekonomia ministroa Parisen bilduko da Pierre Moscovici Frantziako finantza ministroarekin, Europako Banku Zentralaren eskuhartzea bultzatzeko. Atzo, Berlinen izan zuen beste bilera bat Wolfgang Schauble ekonomia ministro alemanarekin.
Atzo, Laurent Fabius Frantziako Kanpo harremanetarako ministroak esan zuen berri ona dela Europak Espainiari 100.000 milioi euroko laguntza eskaini izatea, baina azpimarratu zuen berandu datorrela laguntza, eta bitartean, merkatuek presioa egiten jarraitzen dutela. Fabiusek espero du Espainiak erreskate osorik behar ez izatea, horrek banku zentralaren mugimenduak gehituko lituzkeelako. Espainiak, murrizketekin batera, ekonomia suspertzeko elementuak ere aplikatu beharko dituela esan zuen.