EUROBONUAK
•Aukera handizaleena. Estatu bonu guztiak eurobonuengatik edo Europako egonkortasunerako bonuengatik ordezkatzea. Bonu berri horiek euroguneko estatu kide guztien berme solidarioa izango lukete. Bonu horiek sortzeko, ordea, Europako Batasuneko Ituna aldatu beharko litzateke, 125. artikuluak baitio estatu kideek ez dutela onartuko beste herrialde bateko gobernu zentralaren eta beste administrazioen erantzukizunik. Ez ditu galarazten mailegu solidarioak, Greziari, Irlandari eta Portugali finantza laguntza eskatu dutenean eman dizkietenak bezalakoak; baina bermeak emateko aukera bai, hori erabat baztertzen du. Zorra kudeatzeko gobernu arteko bulego bat sortzeak 125. artikulu horren moldaketa asko erraztuko lukeela uste du Europako Batzordeak. Hala ere, denbora dezente eskatuko luke bonu horiek martxan jartzeak.
•Erdibideko aukera. Estatu bonuen zati bat egonkortasunerako bonuengatik ordezkatzea. BPG barne produktu gordinaren %60ra arteko zorra eurobonuen bidez finantzatzeko aukera izango lukete herrialdeek. Bonu horiek estatu kide guztien berme solidarioa izango lukete, eta herrialde gehienei dirua merkeago lortzea ahalbidetuko liekete. BPGaren %60tik gorako zorra finantzatzeko bonu propioak jaulki beharko lituzkete, estatu bakoitzaren bermea dutenak eta garestiagoak, orain egiten duten moduan. Bruselak uste du bonuok sortuz gero herrialdeek ahalegin handiagoa egingo luketela zorra BPGaren %60ra mugatzeko. Bonu horiek sortzeko ere Europako Batasuneko Ituna aldatu beharko litzateke.
•Aukera errazena. Estatu bonuen zati bat egonkortasunerako bonuengatik ordezkatzea. Kasu honetan, ordea, eurobonuek ez lukete estatu kide guztien bermea izango; herrialde bakoitzak dagokion zatia bermatu beharko luke. Zorraren zati bat finantzatzeko jaulkipen bateratuak egitea da Bruselak proposatzen duena. Jaulkipen horiek herrialdeek dituzten beharren araberakoak izango lirateke, eta beharrik handiena duenak bermatu beharko du zorraren zatirik handiena, alegia, beharrak eta bermeak proportzioan joango direla. Eurobonuen bidez finantzatzen ez duten zorra, jaulkipen propioen bidez finantzatu beharko dute. Jaulkipen bateratuak egiteak zenbait herrialderi dirua merkeago lortzea ahalbidetuko liekeela uste du Europako Batzordeak, baina onurak ez lirateke beste bi aukerek emango lituzketenak bezain ikusgarriak. Hori bai, egonkortasunerako bonuok sortzeko ez legoke Europako Batasuneko Ituna aldatu beharrik.
GOBERNU EKONOMIKOA
•Aurrekontuen kontrola. EBko gobernu bakoitzak hurrengo urteko aurrekontu proiektuaren zirriborroa igorri beharko lioke Bruselari, onartu aurretik eta urriaren 15a baino lehen. Europako Egontasunerako Ituna hausten duen neurririk balego, alegia, defizit handiegia aurreikusiko balu, aldaketak proposatuko lizkioke Bruselak; muturreko kasuetan, baita proiektu osoa berridazteko ere. Azken hitza herrialde bakoitzeko parlamentuak izango luke beti. Bruselaren aholkuei kasurik egiten ez dienak zigorrak jaso litzake.
•Ikuskaritza handitzea. EBren egonkortasuna kolokan jar lezaketen herrialdeen gaineko kontrola handitu nahi du Bruselak. EBko ekonomiaren hazkundea kolokan jar lezaketen herrialdeak eta zerga kontsolidazioa lortzeko arazoak dituztenak gainbegiratu nahi lituzke.