Inoizko urterik txarrena ahaztu nahian edo, Europako burtsek igoera nabarmenak izan zituzten atzo lanera itzuli zirenean. Bilboko burtsa %3,05 igo zen eta hortik gora balio merkatu gehienak: Parisko CAC-40 indizeak %4,09 irabazi zuen, %3,47 Eurostoxxek, %3,39 Frankfurteko Daxek, %3,16 Madrilgo Ibex-35ek eta %2,88 Londresko FTSEk. Igoera apalagoa izan zuen Wall Streetek, baina igoera azken finean.
Ikustekoa da egun bakarreko kontua den edo iazkoaren ildotik doazen burtsak aurten ere. Lanak izango dituzte iaz utzitakoa berreskuratzeko. Bilbao 2000 indizeak %39 galdu zuen, inoizko galerarik handiena, Madrilgo Ibexek bezalaxe. Antzera aritu ziren Paris eta Tokyo (-%42), Frankfurt (-%40), New York (-%34) eta Londres ere (-%32).
Atzoko emaitzari eustea ezinezkoa izango dela uste dute analista askok, panorama ekonomikoa beltza delako: ekonomia okerrera egiten ari da, eta enpresa gehienek iaz baino emaitza txarragoak izango dituzte.
Atzo jakin zen datu bakarra bide txar horretatik zihoan. Izan ere, AEBetako industriaren jarduera bosgarren hilabetez jarraian egin zuen atzera abenduan, eta 1980az geroztiko mailarik okerrenean dago. Indizea 32,4 puntukoa izan zen, eta 36,2an zegoen azaroan. 50 puntutik beherako datuek esan nahi dute industriaren jarduera murrizten ari dela. Are okerrago dago industriaren eskariak neurtzen dituen indizea, 27,9tik 22,7ra jaitsi baita. «Fabrikatzaileak stock-ak eta produkzio ahalmena txikitzen ari dira, jarduera motelago dabilelako», azaldu du indizea egiten duen ISM institutuak.
Bigarren erdian agian
Atzoko igoeraren beste arazoa da urteko lehen eguna ez dela oso esanguratsua izaten, urte amaieran bezalaxe, burtsan aritzen diren asko eta asko oporretan daudelako eta mugimendu gutxi egoten delako.
Inbertsioetan adituak direnen ustez, litekeena da urteko lehen erdian burtsek behera egitea edo oraingo mailari eutsi ahal izatea, gorabehera txikiekin. Abenduan, esaterako, apur bat gora egiteko gai izan dira, urrian eta azaroan behea jo ondoren.
Urteko bigarren erdiak beste joera bat izan dezake, baldin eta ordurako ekonomiak berriro hazkunde erritmoa hartzen badu.
Europako burtsek igoera handiekin eman diote hasiera urte berriari
Iazko azken egunen joerari eutsiz, Bilboko burtsa %3,05 igo zen eta hortik gora kontinenteko merkatu gehienak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu