Europako ekonomiak %4 egingo du atzera aurten

Iragarpenak belztu egin ditu Europako Batzordeak, eta 2010ean ere %0,1eko beheraldia iragarri du

2009ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
«Bigarren Mundu Gerra ondorenetik izandako krisirik sakonena eta zabalena» dela argi geratu da, Europako Batzordeak argitaratutako datuei erreparatuta. Joaquin Almunia Europako Batzordeko Ekonomia Gaietarako komisarioak halaxe definitu zuen egungo krisi ekonomikoa, eta belztu egin zituen aurtengo eta datorren urterako aurreikuspenak: aurten %4jaitsiko da Europako Batasuneko barne produktu gordina (BPG), eta datorren urtean ere horrela jarraituko du, %0,1.

Hiru hilabetean behin berritzen ditu aurreikuspenak Europako Batzordeak, eta urtarrilean iragarri zuen EBko ekonomiak %1,9 egingo zuela atzera. 2010ean dagoeneko BPGa positiboa izango dela iragarri zuen.

Krisi ekonomikoa uste baino luzeagoa izango den arren, «jadanik ez dago libre erortzeko fasean», Almuniaren ustez. Hori joan den urteko azken hiruhilekoan eta aurtengo lehenengoan izan zela adierazi du. Horrez gain, «eurogunean egonkortasunerako zantzuak» ere ikusi ditu, nahiz eta «oraindik arriskutik kanpo egoteko datu masa nahikorik ez eduki».

Aurten hazten jarraituko duen EBko herrialde bakarra Zipre izango da, %0,3ko BPG positiboarekin. Baltikoko herrialdeek izango dituzte daturik kaskarrenak, ekonomiak %10etik gora egingo baitu atzera. Letonian eroriko da gehien BPGa (-%13,1), eta ondoren Lituanian (-%11) eta Estonian (-%10,3). Irlandak ere gertutik jarraituko die, %9ko hazkunde negatiboarekin.

Almuniaren arabera, gobernuek eta banku zentralek martxan jarritako neurriek «erorketa gelditu, eta datorren urtean hazteko aukera» emango dute.Hori dela-eta 2010. urtean herrialde gehienek hazkunde positiboa izango dutela iragarri du Bruselak. Oraindik, baina, BPG negatiboa izango dute 12 herrialdetan: Baltikoko herrialdeak, Irlanda(-2,9), Espainia (-1,0) eta Frantzia (-0,2) izango dira horietako batzuk.

Zortzi milioi langabe

Bitartean, Europak aurre egin beharko dio krisiak utzitako ondoriorik larrienetakoari: langabeziari. Europako Batzordeak emandako datuen arabera, datozen bi urteetan zortzi milioi eta erdi pertsonak galduko dute lanpostua. Ondorioz, langabezia tasa %9,4 raino igoko da aurten, eta %10,9raino datorren urtean. Egoera oraindik eta gehiago okertuko da eurogunean, %11,5eraino puztuko baita langabezia. Espainiak izango du langabezia tasa handiena, eta EBko batez bestekoa ia bikoiztu egingo du, %20,5eko tasarekin.

Krisi ekonomikoari aurre egiteko gobernuek martxan jarritako neurriak direla eta, defizit publikoak nabarmen egingo du gora: iaz BPGaren %2,3 izan zen, eta %6 izango da aurten, eta 2010ean, berriz, %7,2. EBk finkatutako BPGaren %3ko muga gaindituko dute, beraz, herrialde gehienek. Irlandan igoko da gehien: %12 aurten, eta %15,6 datorren urtean. Gertutik jarraituko dio Erresuma Batuak, %11,5 eta %13,8ko defizit publikoarekin.

Datozen egunetan, gehiegizko defizita dela-eta Europak espedienteak irekiko dizkie hainbat herrialderi, 2008an ere %3ko muga gainditzeagatik. Malta, Polonia, Errumania, Lituania eta Letonia izango dira.

Estatuek bankuei emandako laguntzek ere zerikusi handia izan dute horretan. Dagoeneko, EBko 19 herrialdeek birkapitalizatu dituzte bankuak 300.000 milioi eurorekin, eta 3 bilioi eurotik gorako bermeak eman dira. Almuniak azpimarratu zuenez, garai garrantzitsua da EBko estatuek euren bankuak aktibo toxikoetatik libratzeko. Modu horretara, konfiantza berreskuratzea eta ekonomiaren susperraldia bizkortzea lortu daitekeela uste du Ekonomia komisarioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.