Confebask EAEko enpresarioen elkarteak ere uste du autonomia erkidegoan fiskalitatea aldatu beharra dagoela krisiari aurre egiteko asmoz, eta Europakoa jarri du eredu gisa, gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan esan duenez. Bi hitzetan esanda: enpresei zerga gutxiago eta laguntza gehiago.
"Europako fiskaltasunarekin bateratzera gerturatzen gaituen erreforma bat" behar dela adierazi du, politika fiskal berri batentzako irizpide eta neurriak aipatzean. Hala, "oso erreforma sakona" egin behar dela deritzo, "osasuntsuagoa eta iraunkorragoa den eredu fiskal berri bat eratzeko".
"Zentzu honetan, egiturazko eta integrala den erreforma bat behar da, hartzen diren erabakiei egonkortasuna eta segurtasun juridikoa ematen diena, politika ekonomikoaren helburuak, eta ez aurrekontu helburuak, lortzeko xedea duen zerga erreforma, zerga figura nagusietan Europako fiskaltasunarekin bateratzera gerturatzen gaituen erreforma bat", esan du. Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkario nagusiakl Alemania eredua aipatu du, hain justu.
Elkartearen arabera, "zergak igotzeko xede bakarra duen erreforma fiskal batek hazkunde ekonomikoa oztopatzen du". Enpresen lehiakortasuna sendotzeko asmoz, pizgarri fiskalei eusteko eta haiek hobetzeko eta eguneratzeko proposamena egin du. "Jarduera ekonomiko-enpresariala laguntzea nahitanahiezkoa da, enplegua sortu ez ezik, hazkundea, jarduera eta sektore publikoak gero azpiegituretan, zerbitzuetan eta giza babesetan errentak sortzen duena delako".
Europako herrialdeek politika fiskala helburu horretarako erabiltzen dutela dio EAEko enpresarioen elkarteak. "Confebaskek lortu dituen datuen arabera, Europan zama fiskalen murrizketa gertatzen ari da krisialdia gainditzeko hartu diren neurrien ondorioz, eta zama horren banaketa enpleguaren sorkuntzako eta lehiakortasuna eta jarduera enpresarialaren hobekuntzarako helburuetara laguntzera bideratzen ari da".
Administrazio publikoek "nahitaez, aurrekontuak, funtzionamendua eta neurria egokitu" egin behar dutela uste du Confebaskek, "ekonomia eta enplegu maila hazteko ditugun gaitasunetan oinarrituta".