ekonomia

Europako Itun Fiskalari buruzko erreferenduma dute gaur Irlandan

Finantzaketa beharrak eta murrizketen aurkako kexuak baldintzatuko dute emaitza. Eguerdian parte hartzea %10ekoa zen.

Iker Aranburu.
2012ko maiatzaren 31
16:49
Entzun

Greziak bezala bukatzeko beldurraren eta austeritatearen aurkako haserrearen artean erabakiko dute gaur irlandarrek. Eguerdiko datuak aintzat hartuz, %10eko parte hartzea izan da goizean.

Defizit publikoak praktikoki debekatuko dituen Europako Itun Fiskala onartzen ala arbuiatzen duten, erreferendum bidez erabakiko dute Irlandako Errepublikako 3,1 milioi hautesleek.

Ezetz esanda Irlanda finantzaketarik gabe geratuko den aukerak bultzatzen ditu herritarrak baiezkora; Irlandak bere bankuak porrotetik salbatzeko erreskatea eskatu behar izateak eta horrek exijitzen dituen neurri murriztaileek pizten duten haserrea, berriz, hauspotzen dute ezezkoa.

Azken inkestek diotenez, badirudi beldurrak irabaziko duela, nahiz eta parte hartze eskasak agian emaitza baldintzatuko duen.

Baiezkoak historia du aurka. 2001ean Nizako itunari eta 2008an Lisboakoari irlandarrek ezezkoa esan zieten. Emaitza horiek EB osoaren planak aldrebestu zituzten, eta Dublinek galdeketak berriro egiteko arrazoiak bilatu behar izan zituen, baiezkoa lortu zuen arte. Oraingoan, ordea, EBk bere buruari txertoa jarri dio: nahikoa da hamabi kidek baiezkoa esatea Itun Fiskala indarrean jarri dadin, hau da, Irlandaren ezezkoak teorian hari soilik eragiten diola.

Horregatik —eta erreferendum bat hirugarrenez egin behar izateak herritarren borondateari adarra gehiegi jotzea delako—, Irlandako Gobernuak esan du oraingoan ez dela errepikapenik izango.

Itunaren benetako edukiak baino gehiago, hura ez sinatzeak ekar ditzakeen ondorioak hurbildu ditu irlandarrak baiezkora. Batek bereziki: ituna onartu ezean, Irlandak ez du eskubiderik izango ESM Europako Egonkortasun Mekanismoaren dirurik jasotzeko. Erreskate funts hori uztailaren 1ean jarriko da indarrean, baina aurrerantzean kontu publikoekin arduratsu izango direla agintzen dutenentzat soilik.

Irlandak oraingoz ez du ESMren dirurik behar. EFSF behin-behineko funtsetik, NDFtik eta bere pentsio funtsetik bildu zituen 85.000 milioi euroko erreskatea. 2013an utziko dio dirua jasotzeari, eta urte horretan du finantza merkatuetara itzultzeko asmoa. Ezezkoak, ESMren iturria ez ezik, haren aukerak merkatuen aurrean ematen duen bermea galaraziko lukeela argudiatu dute baiezkoaren aldekoek.

Aurkakoek, Sinn Fein eta ULA ezkertiarrak nagusiki, "ESMren xantaia" ezeztatu dute. Ziurtatu dute itunak ez duela debekatzen hura sinatu gabe Europako funtsak jasotzea, eta nabarmendu dute lehentasuna ematen diola "eurogunearen egonkortasuna mantentzeari", hau da, inori ez zaiola komeni Irlanda hondoratzea, eta, Irlandak behar badu, EBk aurkituko duela hari dirua emateko modua. Berez, talde horiek lehen erreskatea baztertzen dute, uste baitute Irlandako bankuei neurrigabe dirua utzi zieten Europako finantza erakundeak salbatzeko egindakoa dela.

Bere bankuak porrotetik salbatzeko EBren dirua hartu izana zama handia dela onartu du Dublingo gobernuak, eta horregatik nahi ditu erreskatearen baldintzak samurtu. Hori ituna onartuta errazagoa izango dela uste du. Gainera, nabarmendu du ituna lehenengo urratsa dela Europak "elkartasun handiagoko" politikak bultzatzen hasteko. Gogorarazi duenez, funtsean ituna Alemaniaren baldintza politiko bat da Europako batasun prozesuan urrats gehiago emateko, hau da, politika ekonomikoak eta fiskalak gehiago batzeko.

Bultzada Sinn Feini

Politikoki ere eragin handia izan dezake erreferendumak. Baiezkoaren alde azaldu dira Dublingo koalizio gobernua osatzen duten bi alderdiak —Fine Gael kontserbadorea eta Alderdi Laborista—, eta erreskatea izan arte agintean egondakoa —Fianna Fail kontserbadorea—. Aurka, berriz, Sinn Fein (SF) eta ULA ezkerreko talde txikien frontea.

Ezezkoaren porrota iragartzen duten inkestek beraiek diote SF izan daitekeela garaile politikoa. Irish Times-en asteleheneko zundaketak dio errepublikanoek botoen %24 eskuratuko lituketela orain (%10 lortu zituzten iazko otsailean). Gerry Adams da, gainera, politikari estimatuena. SFren igoera laboristen jaitsieraren ondorio da: %19,5etik %10era jaitsi dira. Gobernuan hartutako neurri murriztaileen ondorio, ziur aski. "Baiezkoa eskatuko lukete laboristek oposizioan baleude?", galdetu du Irish Times-ek. Haren ohiko hautesleak erdibiturik daude: %61 baiezkoaren alde daude; %39, aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.