Europako Legebiltzarrak 65 orduko lan astea baztertu du, oraingoz

Behin-behineko erabakia da, EBko gobernuek eta legebiltzarkideek hiru hilabete izango baitituzte negoziatzeko

jakes goikoetxea
2008ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko (EB) langileek lasaitasun hasperen bat egin zuten atzo: Europako Legebiltzarrak atzera bota zuen lan astea 60 edo 65 ordura luzatzeko aukera jasotzen zuen proposamena. Bezperan bozketa estua espero bazen ere, azkenean 421 legebiltzarkidek bozkatu zuten lanaldia luzatzeko proposamenaren kontra, 273k alde eta 11 abstenitu egin ziren.Alde bozkatu zutenen artean zeuden PPE talde kontserbadoreko hainbat legebiltzarkide. Atzo bozkatutakoa EBko gobernuburuek onartutako proiektua zen.

Hala ere, atzoko lasaitasuna ez da behin betikoa, urtarrilean 90 eguneko epea zabalduko baita EBko gobernuek eta Europako Legebiltzarrak lanaldia luzatzeko proposamena negoziatzeko. Oraingoz, bi aldeen jarrerak elkarrengandik oso urrun daude. Akordiorik lortu ezean, proposamena bertan behera geratuko da eta 1993ko araudiak jarraituko du indarrean.

Sindikatuak ez daude lasai. «Erabakia positiboa da, gudu bat irabazi da», esan zuen Joseba Villareal ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak, atzo. Arriskuaz ohartarazi zuen, ordea: «Proposamen berriekinitzuliko dira, langileen lan baldintzak kaskartzeko eta malgutzeko asmoz. Aintzat hartu behar da Europako lobby ekonomikoak oso indartsuak direla».

LABek ere uste du sindikatuek adi egon behar dutela etor daitekeenari aurre egiteko. Oraingoz direktiba blokeatzea ontzat jo du, baina gogoratu du erabakia ez dela behin betikoa. «Orain arte proposamena bultzatu dutenek ahalegina egingo dute itxuraldatu bai, baina bere mamia ez aldatzeko», LABen iritziz.

Mikel Irujo EAko legebiltzarkideak Europako gobernuburuei leporatu zien ez dutela beren proposamena negoziatu nahi izan. Nabarmendu zuen Europako Legebiltzarrak ez duela edozer gauza onartuko: «Argi geratu da, krisi garaian gauden arren, ez duela balio edozerk».

EBko gobernuburuek orokortu egin nahi zituzten zenbait herrialdetan 48 orduko lan astea luzatu ahal izateko dauden salbuespenak. Erresuma Batuan, esaterako, 1993tik indarrean dago opt-out deitutako salbuespen neurria: enpresaburuak eta langileak hitzartuz gero, langileak astean 48 lan ordu baino gehiago egin ditzake. Erresuma Batuan 3,3 milioi langilek baino gehiagok lan egiten dituzte 48 ordu baino gehiago. Erresuma Batua izan da, hain zuzen, proposamenaren bultzatzaile nagusietakoa, malgutasunak lan merkatua laguntzen duela argudiatuta.

Sistema horren bitartez lan harremanak indibidualizatu egiten dira, eta sindikatuen eta lan hitzarmenen indarra ahuldu egiten da. Langilea eta enpresaburua aurrez aurre uzten ditu. Baina ez parean, bai ELAk eta bai LABek salatu dutenez, kasu horietan enpresaburua langilearen gainetik baitago negoziatzeko orduan.

Salbuespen neurri hori EBko herrialde guztietara zabaldu nahi zuten gobernuburuek: kasu gehienetan astean 60 lan orduraino eta zenbait kasutan baita 65eraino ere (hiru hilabeteko batez bestekoa aintzat hartuta). Kasu berezi horiek dira hitzarmen kolektiborik gabeak edota zaintza orduak lan ordu gisa hartzen diren lanbideetakoak (medikuak eta erizainak, esaterako).

Hiru urteko epea

Europako Legebiltzarrak, ordea, salbuespena ez orokortzeaz gain, hiru urtean opt-out-a bertan behera uzteko agindu du. Debekatu egin du klausula hori lan kontratua sinatzean edo lanaren lehen lau hilabeteetan hitzartzea.

Zaintza denborarena izan da EBko gobernuburuek proposatutako direktibaren punturik gatazkatsuenetakoa: haien esanetan, mediku baten zaintza orduak ez dira lan orduak. Europako Legebiltzarrak atzo onartutakoaren arabera, aldiz, medikuen zaintza ordu guztiak dira lan orduak, baita ordu horietan atseden hartzen ari denean ere. Erabakiak suhiltzaileei ere eragiten die. EBko Justizia Auzitegiak berak sententzia batean esan zuen zaintza ordu guztiak direla lan orduak.

Europako Legebiltzarrak atzo nabarmendu zuen legediak erraztu egin behar duela langileek familia bizitza eta lana bateratu ahal izatea. Baita langileen babesa eta segurtasuna indartu egin behar dituela ere.

«60 edo 65 lan orduko asteekin ezinezkoa da familia eta lana bateratzea», salatu du LABek. Villarealek gehitu du ordu gehiago lan egiteak lan istripuak izateko arriskua handitzen duela.

ELAren eta LABen iritziz, ez da onartu behar lanaldia luzatzeko akordiorik, eta proposamena bertan behera uzteko eskatu dute. ELAk uste du proposamena «astakeria» dela.

«Enpresaburuei atea irekiz gero, badakigu zer gertatzen den», Villarealen esanetan. «Malgutasuna nahi dute, baina hainbat malgutasun elementu dituzte jada: behin-behinekotasuna, aldi baterako lan enpresak, azpikontratazioak...».





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.