Ulrike Rodust Alemaniako eurodiputatu sozialistaren proposamenaren alde bozkatu du Europako Parlamentuak Estrasburgon: 502 boto alde, 137 kontra eta 27 abstentzioa. Negoziazio fasean dagoen arrantza erreforman eragingo du legebiltzarraren onarpenak, lehenengo aldiz, Europako Batzordearen eta legebiltzarraren artean erabakiko baitute 2014an indarrean sartuko den arrantza erreforma, 2002an onartutakoa ordezkatuko duena. Datorren ekainerako erreformaren gaineko akordioa lortzea espero dute bi erakundeek.
Europako Parlamentuak estatuek proposatutakoak baino neurri gogorragoak onartu ditu kalak babesteko: batetik, sareetan nahi gabe harrapatutako arrainak berriz itsasora botatzea debekatzeko eskatu du —arrain gehienak hilda botatzen dituzte uretara— eta arrain horiek porturatzea derrigortzeko arrantzaleei; bestetik, nazioarteko uretan Europako arrantzaleek gehiegizko arrantza egitea debekatzeko, ontzien arrantza kopurua murrizteko, eta arrantza artisaua eta selektiboagoa sustatzeko. Carmen Fraga Espainiako Alderdi Popularreko eurodiputatuak zuzenketa bat aurkeztu du hildako arrainak itsasora botatzeko debekua leuntzeko, baina ganberak ez dio onartu.
Arrantza erreformaren helburu nagusia datozen urteetan arrain kopurua berreskuratzea da, izan ere, Europako Batzordearen arabera, gaur egun Europako uretan dauden arrain erreserben %9ak bakarrik izango du neurri jasangarria 2020an. Horregatik, parlamentuak eskatu du 2015erako arrainen heriotza indizea jasangarria izatea 2020rako arrain erreserbak errekuperatu ahal izateko. Bruselaren esanetan, Mediterranioko arrain erreserben %80 eta Atlantikoko %47 gehiegi ustiatuta daude.
'Arrain bat gehiago ere ez kareletik behera' kanpainako ordezkariak ere izan dira Estrasburgon legebiltzarkideei presio egiteko. Kanpainak 850.000 sinadura bildu ditu Europan, nahi gabeko arrainen arrantza ahalbidetzen duen legedia aldatzeko eskatzeko.
Arrantza
Europako Parlamentuak arrainak babesteko arrantza erreforma eskatu du
Gehiegizko arrantzari galga jartzeko eta arrainak babesteko neurriak hartzeko eskatu du legebiltzarraren gehiengoak. Besteak beste, hildako arrainak itsasora botatzea debekatzeko eta arrantza teknika selektiboagoak bultza tzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu