Atzokoa mobilizazio eguna izan zen Europan. Europa osoan, gainera. CES Europako Sindikatuen Konfederazioaren eta tokian tokiko sindikatuen deiari erantzunez, milaka herritar atera ziren kalera, murrizketak salatzera. Neurritasuna alde batera uzteko eta krisia gainditzeko beste era bateko neurriak eskatu zizkieten politikariei. Hazkundea sustatuko duten neurriak, lanpostuak sortzeko balioko dutenak. Neurritasunak ere neurria duelako.
Brusela
Brusela izan zen mobilizazioen erdigunea, gaur eta bihar han bilduko direlako Europako Batasuneko gobernuburuak eta haiei presio egitea zelako atzoko mobilizazioen helburua. «Soilik defizit publikoa murriztea helburu duten politikak alde batera uzteko eskatu nahi diegu», adierazi zuen Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak eta CESeko egungo presidenteak, Bruselako manifestazio jendetsuaren bukaeran.
Mozketen estrategia esperotakoaren kontrako eraginak izaten ari dela nabarmendu zuen Toxok. «Inbertsio publikoa eta pribatua sustatzeko neurririk hartu ez dutenez, langabezia etengabe haztea eta ekonomia berriz atzeraldian sartzea besterik ez dute lortu». Adierazi zuen EBko herrialde guztiak daudela gaizki, baina Grezia, Portugal eta Espainia direla murrizketen ondorioz gehien sufritzen ari direnak.
Sindikatuetako ordezkariek kaleko jarrera bera erakutsi zuten Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearekin egindako bileretan ere. Baina ezer gutxitarako balio izan zien. Toxok, behintzat, «etsigarritzat» jo zituen bi bilerak, besteak beste, Van Rompuyk denbora batez murrizketen ildotik jarraituko dutela ziurtatu zielako.
Gaur eta bihar herrialdeetako aurrekontuak defizitari jarritako mugara egokitzen eta neurritasunaren osagarri gisa hazkundea sustatzeko neurriak hitzartzen saiatuko dira EBko gobernuburuak.
Euskal Herria
ELAk Bilbo aukeratu zuen mobilizatzeko, Guggenheim museoko ataria. Murrizketarik ez! Alternatibak baditugu! Tratatu berriari ez! lelopean, dozenaka lagunek egin zuten elkarretaratzea. Bruselak krisiari aurre egiteko aukeratu duen modua kritikatu zuen Laura Gonzalez de Txabarri sindikatuko nazioarteko idazkariak. «Krisia baliatu nahi dute enpresa errentetara eta kapital errentetara doan aberastasuna handitzeko, eta berdin zaie horretarako langileen eskubide guztiak zapaldu behar badituzte ere».
Horiek horrela, langileei geratzen zaien irtenbide bakarra protestena dela adierazi zuen ELAko ordezkariak, eta, hain zuzen, horretarakoxe antolatu dutela greba orokorra martxoaren 29rako. Baina, CCOO eta UGTri erreferentzia eginez, esan zuen bide guztiak ez direla baliagarriak. «Ez du balio Europa etereo baten kontra protesta egiteak eta gero herrialde bakoitzean Europan onartutako neurriak indarrean jartzeko akordioak egiteak».
Osakidetzako sindikatuek ere bat egin dute martxoaren 29ko greba orokorrarekin.
CCOO eta UGT sindikatuek, berriz, goizean elkarretaratzea egin zuten Gasteizen, eguerdian manifestazioa Donostian eta arratsaldean beste manifestazio bat Bilbon. Donostian, enplegua sustatuko duten neurriak aldarrikatu zituen Modesto Martinez UGTko Gipuzkoako arduradunak. Gasteizen, aldiz, gehiago hitz egin zuten balizko greba orokor bati buruz, atzoko mobilizazioen zergatiez baino.
Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiak baieztatu zuen Espainian ere egingo dela greba orokorra eta datorren astean —martxoaren 9an— iragarriko dutela eguna. Jose Maria Molinero eta Juan Goyen CCOOko eta UGTko Nafarroako arduradunek adierazi zuten izatekotan ere martxoaren 29rako deituko dutela greba orokorra. «Greba Aste Santuaren aurretik bada, ez dugu 28rako, 30erako edo 31rako antolatuko, ez garelako horrelakoak, ez garelako indarra banatzea eta langileak aurrez aurre jartzea bilatzen duten horietakoak, kontrako baizik». Martxoaren 11rako ere protestak deitu dituzte bi sindikatuek.
Baionan ere, CGT sindikatuak deiturik, manifestazioa burutu zuten ehunka lagunek. Europan erabakitako austeritate neurriak gaitzesteaz gain, Frantziako gobernuak «CAC 40 indizeko nagusien onerako» hartu neurriak salatu zituen Alain Duzert CGTko bozeramaileak. Hala nola soldaten gaineko karguak murriztu baina BEZ zergaren igoera dakarren «BEZ soziala» deitu egitasmoa ez dutela onartuko berretsi zuen. Neurri horrek babes sozialerako sistemaren «ahultzea» dakarrela dio sindikatuak. Bestalde, eztabaidaturiko «lehiakortasuna-enplegua» deitu akordioa ere salatu zuten atzo. Neurri horrek «nagusiari oraindik botere gehiago ekarriko lukeela» dio sindikatuak.
Katalunia
Europan eta Euskal Herrian, oro har, protestaldi baketsuak izan ziren guztiak; ez, ordea, Bartzelonan. Hezkuntzako murrizketak salatzeko manifestazio bat istilu gogorrekin bukatu zen. Manifestarien eta Poliziaren arteko borroketan gutxienez bederatzi lagun zauritu ziren eta Poliziak gutxienez bi lagun atxilotu zituen. Gisa bereko manifestazioak egin zituzten Espainiako hogei hiritan baino gehiagotan ere.
Grezian
Atenasen ere milaka lagun atera ziren kalera 130.000 milioi euroko bigarren finantza laguntzaren truke Bruselak inposatutako eta Greziako Gobernuak onartutako murrizketa neurrien kontra egitera. Baina, bat-batean euri zaparrada gogor bat hasi, eta manifestari gehienek martxa utzi zuten.
Greziako Parlamentuak atzo onartu zituen Bruselak agindutako hainbat neurri: gastu publikoa 3.200 milioi euro murriztea eta gutxieneko soldatak %22 jaistea, besteak beste.
Europarrak mozketen kontra
Neurritasuna alde batera uzteko eta ekonomia eta enplegua sustatzeko neurriak hartzeko eskatu dieten EBko gobernuburueiLangileei mobilizazioaren bidea besterik ez zaiela gelditzen nabarmendu du ELAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu