Hauteskundeetara berriro deitu izanak atea parez pare zabalik uzten du Greziatik eurotik ateratzeko. Bozak erreferendum moduko bat bihurtuko dira. Maiatzaren 6ko parlamentu plural eta konplexuak agerian utzi du Europako Batasunak ezarritako neurriak ezartzearen aurka dagoela makina bat greziar. Antzeko emaitzak errepikatuko balira, Greziak euroa uztea saihestezin bihurtuko litzateke jada. Hortaz, parlamentariak aukeratzearekin batera, zeharka drakma berrezarri edo ez aukeratuko dute greziarrek. Horrek guztiak ondorio politiko eta ekonomiko handiak izango ditu Grezian eta Europa osoan.
1. Utziko al du euroa?
Ia ziurrenik, bai. 2009ko irailean zor krisiak eztanda egin zuenean ezinezkoa zirudien, baina ia bi urte eta gero, probabilitatea ia-ia erabatekoa da. Alabaina, ezusterako tartetxoa baldin badago, baldin eta Demokrazia Berriak eta Pasok alderdi sozialistak bien artean gehiengo osatu eta gobernua osatzeko gai badira. Maiatzaren 6an bi alderdiek sekulako boto galera izan zuten, eta logika politikoak dio joera hori areagotu egingo dela hurrengo deialdian ere bai. Inkestek diote iragan bozetan bigarren geratu den Siriza ezkerreko alderdiak irabaziko duela.
2. Zergatik utziko du euroa?
Funtsean, greziarren gehiengoak ez duelako murrizketa gehiago ezarri nahi. Otsailean troikak (Europako Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak) bigarren erreskate plana onartu zuen. Plan horrek zorraren 107.000 milioi euro barkatzen zizkion Greziari, baina erreforma gehiago ezartzera behartzen zuen: besteak beste, gutxieneko soldata %22 jaitsi, soldatak izoztu langabezia %10etik behera izan arte, pribatizazioak, 15.000 funtzionario gehiagoren kaleratzeak... Bi alderdi nagusientzat politikoki suizidio bat bihurtu da neurriok defenditzea.
3.Zer erantzukizun du Europako Batasunak?
Handia. Zor merkatuen presioaren aurrean, ez da gai Greziari irtenbide egoki bat eskaintzeko. Duela bi urtetik milaka milioi euro maileguan utzi dizkio Greziari, baina diru hori batik bat zorra ordaintzera bideratu da. Greziarrek ez dute diru hori jaso, eta gainera, gastu murrizketek herrialdeko ekonomia ito egin dute. Hazkunderik gabe, zorra txikitu ordez areagotu egin da. Gainera, bigarren mailako zor merkatuetan lukurreriaz jokatu dute banku eta funtsek eta interes tasak oldarkorrak ezarri dizkiote Greziari. Horregatik, bere porrot ekonomikoa EBren porrot politikoa ere bada.
4.Euroa utziz gero, EB utziko al du Greziak?
Bai. Lisboako Itunak ez du zehazten aukera hori, baina 2009 amaieran egindako azterketa batean EBZk ondorioztatu zuenez, eurogunetik ateratzeak automatikoki EB uztea dakar berekin. Egia da eurorik ez duten hainbat herrialde badirela EBren baitan, baina honako kasua desberdina da. Azken finean, Greziak bere borondatez EBk ezarritako baldintzei uko egin eta euroa uztea erabakitzen badu, logikoki nekez jarraitu dezake EBren barruan.
5.Zer gertatuko zaio Greziako ekonomiari?
Inkognitaz betetako Pandoraren kutxa irekitzen da. Laburbilduz, krisiari aurre egiteko tresna funtsezkoa berreskuratuko du, baina horrek ez dio bermatzen inondik ere zulotik berehala ateratzea. Herritarrentzat lehen kolpea oso gogorra izan daiteke.
Greziako Bankuak hartuko luke diru politikaren ardura: drakma utzi eta debaluatu egingo litzateke. Zenbat? Hor dago lehen gakoa. Zenbat eta gehiago debaluatu, neurri berean murriztuko da herritarren errenta. %50 eta %60 inguruko debaluazioa kalkulatzen da. Automatikoki, soldatak jaitsi eta produktibitatea handitu egingo litzateke. Teoria ekonomikoaren arabera, esportazioen bultzadari esker, ekonomia suspertzen has daiteke, eta, pixkana enpleguak sortzen has daiteke. Zalantza da teoria horrek Greziari balio ote dion. Grezia oso herrialde turistikoa da eta industria egitura txikia du: inportatutako hiru eurotik bat esportatzen du atzerrira. Egiturazko arazo hori ez dio debaluazioak konponduko, epe motzean behintzat.
6.Zer gertatuko da prezioekin?
Inflazioa ere nabarmen handitu egingo litzateke, kanpotik inportazioak —batez ere erregaiak— garestitu egingo liratekeelako. Hots, herrialdean ekoitzitako salgai eta zerbitzuak kontsumitzera bultzatuko ditu greziarrak, eta luze gabe, barne kontsumoa eta ekoizpena handituko lirateke teorian. Alabaina, atzerritik inportatutako lehengaien, zerbitzuen eta salgaien ordezkorik ekoizten eta eskaintzen ez den bitartean, egoerak bete-betean eragingo die debaluazioarekin errenta galduko duten herritarren poltsikoei.
7. Eta bankuekin?
Drakma berrezartzearekin batera, saihestezina dirudi Greziak zorra ordaintzeari uztea —besteak beste estatuak ezingo lukeelako zorra eurotan ordaindu—, eta horrek jakina, soka luzea ekarriko luke Grezian zein atzerrian. Alde batetik, zorraren %13 inguru banku greziarrek dute eta zorraren ordainketa eteteak galera handiak eragingo dizkie. Bestetik, errenta handiek zein enpresek dirua atzerrira eramatea eta herritarrek aurrezkia bankuetatik ateratzea saihesteko, gobernuak dirua ateratzeko debekua ezarriko luke. Zalantza da noiz egingo lukeen eta bitartean zer kalte eragin diezaiekeen bankuei.
8. Kutsatu al daiteke krisia Eurogune osora?
Bai, hori da euroguneak zaindu beharreko arriskua. Greziak 360.000 milioi euroko zorra du, eta horren zati handi bat ordaintzeari uzteak galerak eragingo dizkie hartzekodun diren Europako gobernu eta bankuei. Horregatik, garrantzitsua da kiebra hori negoziatzea. Egoera, ordea, nahiko kaotikoa da, eta duela hamar urte Argentinarekin gertatu ez bezala, orain kiebraren gaineko CDS aseguruek pisu handia dute merkatuetan. Aseguru moduko deribatuak aktibatu egingo dira, eta domino efektua eragin dezake finantza sisteman. Egoera oso hauskorra da. Are garai nahasiagok antzematen dira eta Londresko zein Wall Streeteko funts espekulatzaileek azken horzkada jo diezaiokete Euroguneko herrialde ahulenei: Espainiari, kasu. CDS deribatuen bidez, bere arrisku saria igoarazteko mekanismoak dituzte eta 600 puntutik gora igoz gero, EBZk soilik du uneotan euroaren haustura eragozteko ahalmena. Erreskate funtsen dirua ez da nahikoa izango.
Europa krisian. Greziaren gainbehera
Eurotik ateratzear
Grezia eurotik atera eta drakma berrezarriz gero, %50eko debaluazioa ezar dezake, eta kapital ihesa eragozteko 'corralito'-a ezarriEBZren esku dago domino efektuak ahalik eta ondoriorik txikienak izatea merkatuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu