Sindikalgintza

Euskadiko CCOOk sindikatu eta patronalei dei egin die negoziazio kolektiboa babesteko

X. Kongresuaren hasieran, Sordok azken lau urteetako “baleko” balorazioa egin du, testuinguruari begiratuta. Aburto Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua ekitaldian izan da.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko urtarrilaren 10a
14:10
Entzun

“Testuingurua ikusita baleko” bezala jo ditu azken lau urteak Euskadiko CCOOk Bilbon, X. Kongresuan. Unai Sordo idazkari nagusiak —bihar beste lau urterako aukeratuko dute— esan duenez, “krisi egoera honetan” ezin da atzera begirako balorazioa arrakastatsutzat jo, “ez langabezia horrenbeste hazi denean bederen”. Hala ere, azken lau urteetan egindako bidea eta estrategia baliagarria izan dela esan du: “Lan hitzarmen ugari sinatu ditu sindikatuak, eta horrekin hainbat langilerentzako soldata eta lan baldintza hobeak bermatu ditugu”. Elkarrizketa sozialean egindako lana ere azpimarratu du, aurrekontu publikoetatik lan politiketara bideratu den dirua horren ondoriotzat joz. Hala ere, lan ildo hori elkarrizketarako borondatearekin eta mobilizazioaren bidetik lortu dela esan du: “protesta eta proposamenak izan dira gure lan ildoak”.

Ildo horretan, lau greba orokorretan parte hartu dute 2009az geroztik, eta “milaka” mobilizazioetan. “Ez da gure helburua mobilizazioak egitea, baina askotan ez zaigu beste biderik geratu”. Baina edozeren gainetik, sindikatuak koherentziarekin lan egin duela uste du Sordok.

Aurrera begira, sindikatu eta eragile sozialekin elkarlanean aritzea jarri du Euskadiko CCOOk lehentasuna. “Alternatibak garatzeko fronte bat eraiki beharra daukagu”. Horrez gain, negoziazio kolektiboan ere indarrak jarriko ditu sindikatuak, datorren uztailaren 7an enpresa asko lan hitzarmenik gabe geratuko baita. “Sindikatu eta patronalei dei egiten diegu batera lan egin dezagun, egoera horretara ez iristeko”. Eta zentzu horretan, Confebaski dei zuzena egin dio Sordok: “Azken egunetan barne eskaera bultzatu behar dela esaten ari dira, baina nola sustatu lan hitzarmenik gabe? Nola soldatak hobetu gabe, edo erreforma fiskalik gabe?”.

Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua kongresuan izan da. Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiaren eta Sordoren ondoan egon da eserita.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.