Adarra jotzen die Azkuna alkateak gasteiztarrei hiriburu kontuekin eta Bilbo Euskadiko ziriburua dela esan liteke, burtsako gorabeherek txantxatik zenbat duten ikusita. Mundu kapitalistaren amaiera gertu egotetik, AEBetako ezein datu makroekonomikorekin pozak dantzan jartzera pasatzen dira burtsa indizeak. S&P 17 hilabeteotako maximoan da Erreserba Federalak diru merkearen hiriburu izateko asmoa baietsi duenetik. Ibex-35 (+%0,97) pozarren abiatu da 11.200 puntuen langarantz. Inditexek (+%3,47) mozkin politak plazaratu ditu eta Sacyr (+%7.65) nahiz Telecincoren (+%4,1) gaineko aurrikuspenak hobetu egin dira, zenbait txerritxo ehiztariren begitara. Nolanahi den, burtsako alkate eta zinegotzi diren blue chip-ek %1az azpiko irabaziak izan zituzten. Burtsa bera, Bolsas y Mercados (+%2,1) irribarretsu agertu zen, baita Gamesa (+%2,69) ere. Txantxatarako gogo gutxien izan zutenak, %0,51na galdu zuten Ebro Puleva eta Iberia izan ziren..
Inditex (+%3,47) arropagileak bere urte fiskala orain bete du eta %5eko mozkin hazkundea plazaratu du, salmentak %7 handituta. Ia 200 milioiren akzioak mugitu ziren atzo. Amancio Ortega buru duen enpresak 30.000 milioitik gora balio du burtsan.
Unicredit (+%6,26) Italiako bankuak egin zuen atzo Eurostoxx-50eko buru, iaz 1.700 milioiren mozkinak izan zituela plazaratu ostean. 2008an 4.000 milioi irabazi zituen arren, inbertsiogileen aurrikuspenak gainditu zituen Italiko bankuak.
Euskadiko ziriburutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu