Ipar Euskal Herriko enpresa txikietako bozetan lehiatzeko atea itxi zion iragan astean Bordeleko Auzitegiak LABi, eta erabakiaren oinarri juridikoak jakinarazi zituen atzo sindikatuak. Auzitegiak, besteak beste, LABen perimetro geografikoari erreparatu dio "jokoz kanpo" dagoela argudiatzeko. Zehaztu du sindikatuak ez duela Akitania Berria osoa ordezkatzen, zati batean —Ipar Euskal Herrian— soilik aurkeztu baita. "Agerikoa da LABek ez duela borondaterik ekintza sindikala Euskal Herritik kanpo zabaltzeko; are gutxiago Akitania Berriko beste 11 departamentuetara". LAB ez dago ados. "Oker ez bagaude, Euskal Herria ere eskualde berri horretan kokatua da", argitu du ohar batean.
Bordeleko Auzitegiak, oro har, bere egin ditu CGTren arrazoiak LAB enpresa txikietako bozetatik at uzteko. Sindikatu abertzalearen estatutuak oinarri hartuta, argudiatu du euskarak "ezinbesteko tokia" duela LABen egunerokoan, webgunean euskarari berebiziko lehentasuna ematen diola eta, gainera, ez duela lanik egiten euskal hiztunak ez diren langileak bereganatzeko. LABek "izaera erregionalista" du, auzitegiaren hitzetan, euskaraz ez dakiten langileak bazter uzten dituelakoan. "Esklusiboki Euskal Herrian bizi edo lan egiten duten langileen interesak baino ez zaizkio axola, lurraldeko egoera sozioekonomikoaren kalterako".
"Ulertezina da"
Sindikatuak ulertezintzat jo ditu auzitegiaren argudioak, eta iragarri du Kasazio Auzitegira joko duela epaiari errekurtsoa jartzeko. Bozak azaroaren 28tik abenduaren 12ra bitartean izango dira, baina LABek ez du itxaropena galdu. Muturreraino borrokatuko direla jakinarazi zion orain astebete BERRIAri Eñaut Aramendi bozeramaileak: "Borrokan segituko dugu. Enpresa txikietako bozetan presente izanen gara era batean ala bestean". LAB, izan ere, ez dago bakarrik: PSko diputatu Sylviane Alauxen eta CGTren zenbait sekzioren sostengua ere badu. Zenbait kidek, gainera, sindikatua uztea erabaki dute, CGTren jarrerarekin haserre.
CGT sindikatuak ekainaren 22an aurkeztu zuen LABen aurkako helegitea Bordeleko epaitegian. Salaketaren arabera, LABek ez du betetzen sindikatu profesional estatusa, elebitasuna hobesten duelako euskarari garrantzia emanda. Sindikatu independentista bezala aurkeztu dela ere aipatzen da kexu horretan, eta, ondorioz, ez dituela langile guztien eskubideak bermatzen. Tesi hori babestu du, justuki, auzitegiak.